Jaurlaritzak dio "euskara ez dakiten pertsonak euskarara hurbildu" nahi dituela

Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako ordezkariak Eusko Legebiltzarrean
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 9 abril 2025 15:56

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak zuirtatu du pausoak eman nahi dituela euskararen ezagutzan eta "euskara ez dakiten pertsonak euskarara hurbildu", ezagutza ahalik eta gehien hedatzea baitago bere lehentasunen artean.

Hala adierazi dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendari Jokin Azkue asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Siadeco elkarteak 2023. urtean egindako 'Azken bost urteetan euskaltegietan matrikulatu ez diren EAEko herritar helduen arrazoiak aztertzeko ikerketa: Emaitza nagusiak' izeneko ikerketaren emaitzen inguru azalpenak ematn dituzte bertan.

Aldasorok azaldu duenez, "gure buruari exijentzia puntu bat gaineratu nahi diogu eta, horregatik zera hausnartu nahi dugu: zeintzuk dira jendea euskarara ez hurbiltzeko arrazoiak? Zer beharko lukete euskara ikasteko edo euskaltegira joateko? Datuak behar ditugu erabaki onenak hartu ahal izateko".

Horrela, azpimarratu du azterketa 2023. urtekoa dela eta tresna garrantzitsua dela euskararen sustapenean aurrera egiteko: "Kontuan hartu dugu bertan jasotzen dena eta hortik datoz hartzen ari garen azken neurriak, besteak beste, A1 mailako doakotasunaren bidea jorratzea edo azken matrikulazio kanpainari emandako orientabidea".

Zentzu honetan, Hizkuntza Politikako sailburuordeak ikerketan jasotako datu esanguratsu batzuk eman ditu, besteak beste, euskaraz ez dakiten eta neurri handiagoan edo txikiagoan euskaltegietara joateko interesa agertu duten herritarren %62 dela euskaltegietako ikasle potentziala.

Ildo horretan, biztanleria horren erdia baino gehiago merkataritzan eta ostalaritzan dago lanean nagusiki, eta, ondoren, industria sektorean.

Gainera, euskara ikasteko interesa dutenen eta ikasteko probabilitate handia dutenen artean nabarmentzen da erdiak beste estatu batzuetako migratzaileak direla, eta euskara ikasteko interesa dutenen adin tartea 25-39 urtekoa dela.

Euskara ikastera motibatzen duten alderdien artean, berriz, familia harremanak (%76), gizarte harremanak (%72) eta lan aukerak (%72) nabarmentzen dira.

"Aukera ezin hobea dugu euskara hedatzeko. Euskara belaunaldi guztientzat izan behar da erakargarria, bakoitzak bere neurrian konpromisoak hartuz, eta guk, administrazioak, horretarako baliabideak jarriz. Aurrera egingo dugu, erabakiak hartuz, eta eraginkortasuna bilatuz, adostasunean eta elkarlanean oinarrituz", esan du Aldasorok.

IKASLE POTENTZIALAK

Ondoren, Jokin Azkuek ikerlenaren inguruko azalpen zehatzagoak eman ditu. Hasteko, ikerketaren arrazoiaren berri eman du: "Helburua izan da euskaltegietan matrikulatu ez diren EAEko herritar helduen arrazoiak zeintzuk diren ikertzea, euskaltegiratze prozesua eragotzi edo baldintzatzen duten faktoreak aztertzeko".

Azaldu du azterketaren jatorria pandemia garaian euskaltegietan gertatutako ikasle jaitsieran dagoela; izan ere, orain lau urte, ikasle kopurua %13 jaitsi zen.

Egoera horren aurrean HABE eta euskaltegien artean osaturiko Bitariko Batzordean proposatu zen azterketa bat egitea euskaltegietako ikasleen "harrobia" aztertzeko, hau da, non zegoen ikasle potentziala eta horien ezaugarriak aztertzea. "Behar horri erantzunez burutu zen ikerketa hau", gaineratu du.

Ikerketaren metodologiaren inguruan azaldu du bi inkesta egin zirela: lehena, euskaraz ez dakiten EAEko 5.000 biztanletik gorako udalerrietako 25-65 urteko biztanleei, jakiteko zein diren euskaltegian ez matrikulatzeko dituzten arrazoiak (777 inkesta egin ziren); bigarena, azken bost urteetan euskararen ikasprozesua amaitu gabe euskaltegia utzi dutenei, jakiteko zein faktorek izan duten eragina haien erabakian (291 erantzun).

Bada, Azkueren ustez, "erronka handiak ditugu aurrera begira. Euskaltegien harrobiak ikasle potentzial ugaria du, ezaugarri eta behar ezberdinak dituenak, euskara maila hobetu nahi dutenetik haratago. Lan egiten jarraituko dugu HABEn ikasle potentzialen etorrera errazteko, ikasle izan direnen birmatrikulazioa sustatzeko eta euskara ikasteko interesik ez duten kolektiboa erakartzeko".

HABEko zuzendariak nabarmendu du "neurri ugari" hartu dituztela eta neurri horiek indartzen jarraituko dutela, besteak beste, Ingura tutorizatutako autoikaskuntza sistemaren garapena, finantzazioan barneratu diren ikasteredu mistoak, ikastaroetan malgutasuna sustatzea edo etorkinen euskalduntzean ahalegin berezia egitea gabiltza.

Era berean, gogorarazi du matrikularen doakotasunean "urrats berriak" egiten hasi direla, sentsibilizazio eta matrikulazio kanpainak indartuko dituztela, eta desgaitasuna duten herritarrari zerbitzu egokiagoa emateko neurriak garatuko dituztela.

Contenido patrocinado