Jaurlaritzak eta sei finantza erakundek ekonomiari buruzko Etekin euskarazko topaketak antolatu dituzte

Jaurlaritza eta Finantzen Euskal Institutu, Bankoa Abanca, CaixaBank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxako ordezkariak Etekin topaketen aurkezpenean
IREKIA

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak eta Finantzen Euskal Institutuak, Bankoa Abanca, CaixaBank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa finantza erakundeek ekonomoari buruzko Etekin euskarazko topaketen zikloa antolatu dute. Hiru saio egingo dira 2024an, ekonomia eta finantzen munduko gaurkotasunezko gaiei buruzko hausnarketa sustatu eta harremanetarako bilgune bat sortzeko helburuarekin. Lehen topaketa irailaren 25ean izango da eta Ekonomia Ituna izango du hizpide.

Zikloa asteazken honetan aurkeztu dute Bilbon Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuorde Aitor Aldasorok, Rural Kutxako Bizkaiko eta Arabako departamentuko buru Iratxe Sainzek eta Caixabankeko Ipar lurralde zuzendaritzako enpresetako zuzendari Lander Rubiok. Bankoa Abanca, Finantzen Euskal Institutu, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariak ere agerraldian izan dira.

Jaurlaritzak euskara sustatzeko lehen lankidetza hitzarmena sinatu zuen 2007an EAEko hiru aurrezki kutxekin, eta 2015ean, hainbat banketxeren konpromisoa jasotzen zuen hitzarmena gauzatu zen. 2022an, bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta entitateetan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin hirugarren hitzarmen bat sinatu zuen Jaurlaritzak sei finantza entitateekin. Finantzen Euskal Erakundea 2023an batu zen egitasmora. Bada, akordio testuinguru horretatik jaio da Etekin, gaurkotasunezko ekonomia eta finantza gaiak euskaraz lantzeko bilgunea.

Gizarteari ahalik eta zerbitzurik onena emateko Jaurlaritzaren eta finantza entitateen arteko lankidetza azpimarratu du Aldasorok. Bere hitzetan, euskaraz aritzea ere kalitatezko zerbitzua ematea da; izan ere, Etekin topaketak lankidetza horren ondorio dira eta sailburuordeak eskertu nahi izan die egindako lana.

Etekin topaketek hiru saio izango dituzte aurten, eta bakoitzean ekonomia eta finantzekin zerikusia duen gai desberdin bat jorratuko du. Saioek elkarrizketa formatua izango dute eta Esti Cosano kazetaria arituko da moderatzaile lanetan.

Topaketen antolaketari dagokionez, elkarlanean ari dira Eusko Jaurlaritza eta finantza entitateak, baina saio bakoitzaren koordinaziorako zereginetan bi finantza entitatek parte hartuko dute txandaka. Hala, Bankoa Abanca eta Laboral Kutxa dira Donostiako Aquariumean irailaren 25ean egingo den lehenengo saioaren koordinazio lanetan ari diren bi finantza entitateak, Jaurlaritzarekin batera.

Horrela, lehen saioan, Itziar Agirre Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Foru diputatuak eta Mikel Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideetarako zuzendariak Ekonomia Ituna izango dute hizpide: nork bere aldetik, eta elkarrizketa gidatu baten baitan, Ekonomia Itunak euskal enpresen ehundurarentzako eskaintzen dituen lehiakortasunerako gakoak aztertuko dituzte. Ondoren, gosari bat eskainiko zaie bertaratutako guztiei iritzi trukaketa sustatzeko eta sare profesionalak indartzeko.

ERALDAKETARAKO FUNTSAK

Etekin ekonomia topaketen bigarren saioko koordinazioan, berriz, Finantzen Euskal Institutua eta Rural Kutxa ariko dira. Bigarren saioak enpresen eraldaketarako funtsak aztertuko ditu Gasteizko Europa jauregian urriaren 23an.

"Banku finantziazioa, kooperatibak, funtsak, crowdfunding, bazkideen kapitala... Gaur egun mahai gainean dauden gaiak direla uste dugu eta horren inguruko adituak biltzea eta hausnarketa bultzatzea egokia dela uste dugu", azaldu du Sainz Arenzanak.

Azken saioa, berriz, Bilboko Itsasmuseum museoan izango da, azaroaren 20an, eta trantsizio energetikoa jorratuko da. Koordinazio lanetan ariko diren bi finantza entitateak CaixaBank eta Kutxabank izango dira.

Hiru saioak euskaraz izango dira eta aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egongo da. Donostiako saioa aurrez aurrekoa izango bada ere, Gasteizko eta Bilbokoak sarean ere jarraitzeko aukera egongo da EITBren 'streaming' zerbitzuari esker.

Contador

Leer más acerca de: