Eusko Jaurlaritzak merkataritza bulegoa ireki du Australian

Emma Stevens da bulegoaren zuzendaria
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 26 diciembre 2024 11:21

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Australiako merkataritza bulegoa ireki du Sydneyn, eta, horrela, SPRI Taldearen Basque Trade & Investment agentziaren kanpo sareak mundu osoko 92 herrialderi baino gehiagori zerbitzua ematen dieten 22 merkataritza bulego propio ditu, Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrarekin horri dagokionez hartutako konpromisoari erantzunez.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, bulegoa Emma Stevensek zuzenduko du eta izen ofiziala 'Australia eta Zeelanda Berriko bulegoa' da. Bulego horrekin sendotu egingo da Jaurlaritzak Asia-Pazifikoko eskualdearen alde egindako apustua, eskualde estrategikoa baita euskal enpresentzat, Euskadiko sektore estrategiko gehienetan etorkizunean hazkunde ekonomikorik handiena izango duen munduko eskualdetzat hartuta baitago eta osatzen duten merkatuetan kokatutako euskal enpresa ugari baitaude.

Euskadik oraindik ordezkaritzarik ez zuen herrialdeen artean, Australia da euskal enpresentzat hazkunde ahalmenik handiena duena, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egindako azterlan baten arabera.

Euskal erakundeen presentziak gora egin du etengabe Asia-Pazifikoko eskualdean azken bi hamarkadetan. Zehazki, Jaurlaritzak merkataritza ordezkaritzak ireki ditu Txinan (2003), Indian (2009), Singapurren (2015), Japonian eta Hego Korean (2022), eta 2024an ireki den Australiakoa gehitu zaie orain.

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak adierazi duenez, merkataritza bulego berriaren irekiera "aukera handia da Jaurlaritzak Euskadi nazioartekotzeko hainbat hamarkadatan landu duen politika indartzeko".

"Industria herrialde txikia gara, eta, horregatik, garrantzitsua da mundura irekitzea. Nazioartekotzea gure industriarako lehiakortasunaren baliokidea da. Gure merkataritza ulegoek merkatu berrietara jo nahi duten euskal enpresei laguntzen diete, eta, aldi berean, funtsezko tresna dira Euskadin inbertitu eta ezarri nahi duten atzerriko enpresak erakartzeko", azaldu du.

AUSTRALIA

Bere BPGaren tamaina dela eta, Australiak merkatu interesgarria eskaintzen du. Munduko BPGrik handieneko 13. herrialdea da, eta kualifikazio handiko lan indarra, azpiegitura onak eta egonkortasun ekonomiko eta politikoa ditu.

Era berean, egonkortasun juridikoa eta arau egonkortasuna direla eta, arrisku maila txikia du, eta negozioak garatzeko erraztasunik handieneko herrialdeen artean kokatuta dago. Gainera, gero eta barne eskari handiagoa eta sofistikatua du.

Horrez gain, euskal ekonomiarekin duen osagarritasunagatik eta Euskadirentzat estrategikoak diren sektoreetan eskaintzen dituen aukerengatik nabarmentzen da. Sektore horien artean daude energia, azpiegiturak, meatzaritza eta nekazaritzako industria eta osasun gailuak.

Edonola ere, gaur egun euskal enpresen presentzia urri samarra da Australian, eta 26 daude ezarrita (horietatik 25 komertzialak). Hori dela eta, Australian Basque Trade agentziaren bulego bat irekitzearen bidez "inflexio puntu bat" ezarri nahi da euskal enpresek herrialde horretan eta eskualdean egiten duten jardueran, eta merkatu garrantzitsu horretan txertatzen lagunduko zaie.

Australian bulego bat edukitzeak, euskal enpresen merkataritza ekintzak ugaritzeaz gain, beste esparru batzuk bultza ditzake, hala nola lankidetza teknologikoa edo inbertsioaren erakarpena (Australiatik Euskadira).

Contador