Jaurlaritzak sei milioi eurotik gora inbertitu ditu Santa Marina erietxeko Zainketa Aringarrien Unitatea berritzeko

Eusko Jaurlaritzako agintariak Santa Marina ospitalean
IREKIA
Actualizado: lunes, 24 marzo 2025 12:16

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Bilboko Santa Marina erietxeko Zainketa Aringarrien Unitate berritua inauguratu du astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak, Imanol Pradales buru zela egindako ekitaldian. Sei milioi eurotik gorako inbertsioa behar izan duen unitate berritua ospitaleko hirugarren solairuan dago, 1.600 metro koadro inguru hartzen ditu eta banako 30 gela ditu, bakoitza 20 eta 30 metro koadro arteko azalerarekin.

Jaurlaritzako lehendakariarekin batera, Osasun sailburu Alberto Martinez, Osakidetzako zuzendari nagusi Susana Lopez Altuna eta ospitaleko zuzendaritza taldea eta talde profesionala egon dira inaugurazioan.

Santa Marina erietxeko unitate berria kronikotasunari, adinekoei eta zainketa aringarriei dagokienez erreferentziazko zentro bihurtzeko sortu da.

Bere hitzaldian, Pradalesek eskerrak eman dizkie osasungintzako profesionalei Bilboko erietxeko Zainketa Aringarrien Unitatean bizitza duinaren amaiera errazteko egindako lanagatik.

"Zainketa aringarriak zerbitzu mediko batetik haratago doaz, pertsonentzat oso zailak eta hauskorrak diren uneetan laguntzea, entzutea, arintzea eta kontsolamendua ematea ere direlako. Horregatik, eremu publikotik dugun konpromisoa eta erantzukizuna bakarrik utziko ez gaituen zainketa sistema bat eta medikuntza gizatiarragoa eskaintzea da", esan du.

Inauguratu den unitateak "giza baliabiderik zein baliabide materialik onenak" dituela azpimarratu du, eta "humanizazioa eta enpatia" direla zerbitzu osoaren oinarria. "Ezinbesteko eta batzuetan gutxi aintzatetsitako lan honetan, profesionalek funtsezko zeregina duzue. Egun ilunetan argitzen duen faroa zaretelako", gaineratu du.

Santa Marina erietxeko Zainketa Aringarrien Unitatearen eraberritze integralak asko hobetuko du urtean 600 paziente ingururen intimitatea eta laguntza, ingurune atsegin eta seguruagoa eskainiz pazienteentzat, haien familientzat eta osasun-langileentzat. Halaber, baliabideen erabilera optimizatuko du, oheen kudeaketan ahalik eta eraginkortasun handiena emanez.

Hobekuntza bat dator Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Planarekin, bizitzaren etapa guztietan arreta pertsonalizatua eta duina eskaini nahi baitu.

ARRETA INTEGRALA

Santa Marina ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateak arreta integrala eta pertsonalizatua eskainiko du, eta, pazienteen premia fisikoei ez ezik, alderdi emozionalei, sozialei eta espiritualei ere erreparatuko die.

Bertako diziplina anitzeko taldeak medikuak, erizainak, fisioterapeutak, gizarte langileak eta psikologoak biltzen ditu, eta beti pertsonan jarriko du arreta, ez soilik gaixotasunean.

Unitate berriak abangoardiako instalazioak ditu, eta berrikuntzak gehitu ditu pazientearen arretan, besteak beste, 'Azken egunetan laguntzeko gida' argitaratuz; baliabide baliotsua da senideentzat eta laguntzaileentzat, eta une zailetan babesa eskaini nahi du, prozesuan zehar informazioa, lasaitasuna eta laguntza emanez.

REVIPAL

Era berean, REVIPAL azterketa jarri da abian, Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutuarekin lankidetzan. Bertan, zainketa aringarrietan pazienteen ongizatea hobetzeko metodo terapeutiko gisa errealitate birtuala erabiltzeko modua ikertzen da.

Azterketaak errealitate birtualeko tresna baten eraginkortasuna ebaluatzen du, esperientzia murgiltzaileak eskaintzeko diseinatua, erlaxazioa eragiteko eta gogo aldartea hobetzeko helburuarekin.

Errealitate birtuala testuinguru horretan erabiltzea etorkizun handiko estrategia da antsietatea, depresioa edo ondoez emozionala bezalako sintomak arintzeko, pazienteei beren ospitale ingurunetik ihes egiteko aukera eskainiz zentzumen esperientzien bidez.

Parametro klinikoak eta emozionalak aztertuko dira 24 hilabetez, eta errealitate birtualean murgiltzearen ondorioak ohiko tratamenduekin alderatuko dira. Emaitzek zainketa aringarrien esparruan esku hartzeko estrategia berriak garatzen laguntzea espero da.

Contador