Jaurlaritzak zazpi milioi euro bideratu ditu ikastetxe publikoetan jolastoki inklusiboak sortzeko

Archivo - Haur eskola bateko jolastokia
AYUNTAMIENTO DE BARAKALDO - Archivo
Actualizado: jueves, 7 julio 2022 13:07

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak dirulaguntzen deialdi berria abiatu du Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoentzat, udal jabetzakoak diren eraikinetan jolastoki inklusiboak sortzeko eta zaharberritzeko lanak finantzatzeko. Laguntzak arautzen dituen aginduak zazpi milioi euroko zenbatekoa du orotara, eta Gobernu Kontseiluaren azken bileran onartu da.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak udal titulartasuneko instalazioetan daude kokatuta, eta laguntzak, beraz, beren jabetzako eskola eraikinetako jolastokiak sortzeko edo horietan hobekuntzak egiteko obra proposamenak aurkezten dituzten Euskadiko udalei zuzenduta daude, Hezkuntza Sailetik jakinarazi dutenez.

Obrak gauzatzeko, Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak balorazio batzordeak onartutako aurrekontuaren %90 hartuko du bere gain; gainerako %10aren kargu obra proiektua aurkezten duen udala egingo da. Eskaera bakoitzari emandako kopurua ezin izango da 87.120 eurotik gorakoa izan, BEZ barne (72.000 euro gehi BEZ). Laguntzen onuraduna izateko, obrak 2021eko urtarrilaren 1aren eta 2022ko abenduaren 31ren artean egin beharko dira.

Hezkuntza Sailaren II. Hezkidetza Planarekin lerrokaturik egin da deialdia. Gidalerroetan eta oinarrizko zutarrietan, baliabideen eta espazioen erabilera ekitatiboa bultzatzeren aldeko apustua egiten du planak. "Izan ere, espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntza ingurunearen antolakuntzak garrantzizko eginkizuna betetzen baitute balioen eta arau sozialen transmisioan", azaldu dute.

Planak arreta berezia eskaintzen die jolastokiei, besteak beste. Horrela, beste era bateko jolastokiak diseinatzea eskatzen du, espazioak beste era batera antolatzea. "Azken batean jolastoki inklusiboak sortzea, gune horietako jarduerak eta espazioen banaketa berdintasunezko harremanak errazteko eta erabilera ekitatiboa izateko diseinatuta egon daitezen", gaineratu dute.

Jolastoki inklusiboak sortzeko deialdi berria Hezkuntza Sailak urtero egiten duen Udalaguntza deialdiaren osagarria da. Udalaguntza deialdiaren bidez, udalek ikastetxeetako instalazioetan egiten dituzten hobekuntza eta eguneratze lanak finantzatzen ditu Hezkuntza Sailak.