Jaurlaritzaren erreskate garabi arinek errepideko 548 gorabeheratan esku hartu dute 2024an

Jaurlaritzaren erreskate garabi arinen zerbitzu bat
IREKIA
Actualizado: jueves, 13 marzo 2025 13:58

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Bilboko metropoli inguruneko sarbideetako eta A-8 autobideko ibilgailuak premiaz kentzeko Eusko Jaurlaritzaren garabi arinen laguntza zerbitzuak 548 gertakaritan esku hartu du 2024an, zerbitzuak abian daraman 14. urtean, hain zuzen ere.

Zehazkiago, gertakari horietatik 226 istripuek eragindakoak izan dira, eta 322 matxurek eragindakoak. Gainera, 220 kasutan gidariek ezin izan dute ibilgailua bazterbidera eraman, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Zerbitzuaren arduradunen arabera, era horretako gorabehera batek batez beste 6,5 kilometro inguruko auto ilarak sortzen ditu zirkulazio baldintza normaletan. Hori dela eta, 1.430 bat kilometroko auto ilarak saihestu direla zenbatetsi da (220 gorabehera 6,5 kilometroko).

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak adierazi du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza dela euskal errepideen segurtasunaren "erantzule nagusia", eta "gidatzea guztiontzat ahalik eta arinena eta erosoena" izateko ere lan egiten duela.

"Horregatik, ezarri zenetik hain emaitza onak ematen ari zaigun garabi arinen laguntza zerbitzu hau mantentzen jarraitzen dugu", gaineratu du.

Orobat, Trafiko zuzendariak iragarri du 2025eko erdialderako zerbitzua Donostialdeko metropoli ingurunera zabaltzeko asmoa dutela.

Duela 14 urte zerbitzua martxan jarri zenetik, garabiek 7.407 jarduera izan dituzte. 2024an, garabiak mobilizatu diren aldien %41,2 istripuengatik izan da, 2023an (%35,4) eta 2022an (%36,2) erregistratutakoa baino gehiago.

Garabiak, gehienez ere lau, A-8 autobidean daude, 110 (Basauri) eta 139 (Kantabriarekiko lurralde muga) kilometro puntuen artean, autobidearen tarte horretan eta bertan dauden sarbideetan istripua izan duten autoak erreskatatzeko lanak egiteko, zirkulazioaren bi noranzkoetan.

Erreskate garabi batek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik mobilizazio abisua jasotzen duenetik zerbitzua behar den toki zehatzera iritsi arte batez beste 12 minutu inguru igarotzen dira.

Zerbitzuaren ohiko ordutegia 07:30etik 09:30era eta 17:30etik 19:30era izaten da astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, ordutegi malgua da eta urte sasoiaren arabera alda daiteke, istripuen datu estatistikoen arabera.

Istripua izan duten ibilgailuak leku seguru batera eramaten dira, gorabehera artatu duen Ertzaintzaren patruilak erabakitako lekura, hain zuzen ere. Hori egitea ezinezkoa bada, zerbitzua esleituta duen enpresaren instalazioetara eramaten dira, eta gero bertara joaten da ibilgailuaren laguntza zerbitzu partikularreko garabia.

GIPUZKOA

Trafiko Zuzendaritzak erreskate garabien zerbitzua zabalduko du aurki Gipuzkoara, Donostialdeko ingurune metropolitarrera, hain zuzen ere, egunero intentsitate handiko joan-etorriak jasaten dituzten hiru gune estrategikori estaldura emateko.

Hain zuzen, hiru eremu horiek dira GI-636 errepidea, Donostia eta Iparraldeko mugaren artean; GI-20, GI-40, GI-41 eta A-15 errepideak, Hernani eta AP-8arekiko lotunearen artean; N-1, Tolosa eta Lasarte artean, GI-11 eta A-15, Andoain eta Hernani artean.

Contador

Leer más acerca de: