DONOSTIA 9 Nov. (EUROPA PRESS) -
Arrasateko (Gipuzkoa) AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi Sariketaren beste edizio bat jarri dute martxan, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko. Sariaren helburua urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat euskaratzea da, eta, 2024an Suediako Akademiak Han Kang idazle hegokorearrari saritu duenez, aurten helburua da idazle horren 'Barazkijalea' eleberria itzultzea.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketan, bakarka nahiz taldean. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali (aed@aedelkartea.eus) helbidera.
Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea abenduaren 31ko gauerdian amaituko da.
Kontuan izanik gutxi direla koreeratik zuzenean euskaratzeko gauza direnak, antolakuntzak gaztelaniazko eta frantsesezko bertsioak ere eskaini ditu, idazleak berak hala gomendatuta. Zubi-hizkuntza gehiago ere erabil ditzake itzultzaileak, norbere nahien eta gaitasunen arabera. Dena dela, lagina euskaratzeko zer hizkuntza erabili duen edo dituen zehazteko eskatzen zaio hautagaiari.
Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osatutako epaimahaiak jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2025eko urtarrila amaitu baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da; kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, sariketako diru kopuruaren truke.
Irabazleak jatorrizkotik zuzenean ez baizik zubi hizkuntzaren bat erabilita lan egingo balu, antolatzaileek koreera eta euskara menderatzen dituen aditu baten laguntza eskainiko diote, eta hark gainbegiratuko du itzulpen osoa.
Irabazleak 5.000 euroko saria irabaziko du 'Barazkijalea' itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2025eko irailaren 30 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean; epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
Elkar etxeak argitaratuko du Han Kangen lana euskaraz, eskubideak aurrez eskuratuta, eta 2025eko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.