Jon Casenave baionarra euskaltzain oso izateko hautagai aukeratu dute

Archivo - Jon Casenave hizkuntzalari baionarra
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: viernes, 31 mayo 2024 14:13

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

Jon Casenave hizkuntzalari baionarra euskaltzain oso izateko hautagai aukeratu dute ostiral honetan Euskararen Akademiako euskaltzainek Baionako Herriko Etxean egin den maiatzeko osoko bilkuran (izen bakarra aurkeztu da).

Euskaltzaindiak gogorarazi du Beñat Oihartzabal emeritu izatera igaro zela martxoan (75 urte bete zituen martxoaren 17an), eta hilabete horretan bertan zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea.

Horrela, Akademiaren arautegiak agintzen duen moduan, eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, ekainean Gasteizen izango den osoko bilkuran egingo den bozketan jakingo da Oihartzabalen lekua Jon Casenavek hartuko duenetz.

Jon Casenave Baionan jaio zen, 1957ko uztailaren 4an. Euskal Ikasketetan doktorea da (Bordele Montaigne Unibertsitatea), eta Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua. Iker laborategiko kidea ere bada, eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide izan da (1993-2017).

Dozenaka ikerketa artikulu idatzi ditu Casenavek, eta publikatu dituen liburuetatik, 'De l'article de presse à l'essai littéraire' (2002, UNED), 'Euskal literaturaren historiaren historia' (2012, Utriusque Vasconiae)' eta 'Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda?' (2021, Euskaltzaindia) nabarmentzen dira

Bestalde, Euskaltzaindiak 21 euskaltzain urgazle eta 9 ohorezko berri izendatu ditu bilkura berean. Joxe Austin Arrieta, Roman Berriozabal, Philippe Chareyre, Jose Ramon Etxebarria, Natxo de Felipe, Joakin Gorrotxategi, Juanito Gallastegi, Xabier Garagorri, Libe Goñi, Bernardo Ibarra, Jose Karrera, Mariasun Landa, Amaia Lasa, Mikel Lasa, Iñaki Martinez de Luna, Jose Mari Espartza, Pello Mariñelarena, Xabier Olarra, Mentxu Peña, Xabier Rico eta Iñaki Sarriugarte dira ohorezko euskaltzain berriak.

Urgazle berriei dagokienez, Katixa Agirre, Patri Arburua, Miren Basurto, Miel A. Elustondo, Fermin Erbiti, Inma Errea, Fernando Rey, Ekaitz Santazilia eta Patxi Zubizarreta dira.