BILBO, 18 (EUROPA PRESS)
Jonkass proiektuak eskuratu du Iñigo Muguruza gogoan EHZ festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkar argitaletxeak elkarrekin antolaturiko Paradisu Zinema musika bekaren bigarren edizioa, "gaztetasuna eta freskotasuna" hizpide dituen proiektuak, hain zuzen ere.
"Ibilbidearen hastapenetan aurkitzen da proiektua, eta gaur egun Euskal Herrian belaunaldi gazteen musika ohiturekin erraz uztartzen dela iruditu zaigu", adierazi dute bekaren sustatzaileek.
Jon Castañeda dago Jonkass proiektuaren atzean, gidoigile, erredaktorea, erreportero, Kafe Antzokiko DJ eta Akerbeltz taldeko abeslaria, besteak beste. Azken hilabeteetan dago Jonkass egitasmoan murgilduta, eta bekari esker, proiektua gauzatu ahal izango du aurten.
Paradisu Zinema beka sustatu duten hiru eragileen iritziz, "garrantzitsua da musika estilo ezberdinek lekua ukaitea euskal musikaren baitan. Euskaldunok, musika estilo orotan ukan dezagun erreferenterik".
Era berean, ekimenaren arduradunek eskerrak eman dizkiete beren lanak igorri dituzten 18 taldeei. Gainera, batetik, "oso eskertuta" agertu dira animatu izanagatik, eta, bestetik, jasotako lanen kalitatea nabarmendu dute.
"Euskal Herrian eta euskaraz asko, estilo ezberdinetan eta kalitatearekin ekoizten dela argi gelditu zaigu", ziurtatu dute.
Oinarrietan azaldu bezala, bekaren irabazleak urtebeteko epea izango du orain proiektua borobildu eta grabatzeko, eta 2026ko EHZ festibalean eskainiko du lehen kontzertua.
Paradisu Zinema musika bekaren bigarren edizioa izan da aurtengoa, eta sustatzaileek iragarri dute azkena izango dela.