Jose Antonio Aduriz hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da

Archivo - Jose Antonio Aduriz
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: martes, 30 julio 2024 16:15

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Jose Antonio Aduriz frantziskotar, Jakin taldeko kide, hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzain hil da, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du Euskaltzaindiak "asko" zor diola.

Akademiak jakinarazi duenez, Aduriz Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen 1949ko azaroaren 1ean eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Euskal Filologiako ikasketak. Frantziskotarra eta Jakin taldeko kidea, UZEIn eman zuen lan ibilbidearen zatirik handiena.

Euskaltzaindiaren hainbat egitasmotan parte hartu eta ekarpen garrantzitsuak egin zituen, besteak beste, Akademiaren hiztegia osatzeko irizpideen sisteman. 1991ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak eta 2018ko apirilaren 27an ohorezko euskaltzain.

Batzorde anitzetan egin zuen lan Euskaltzaindian, nesteak beste, Lexiko Irizpideen batzordean, Egungo Euskeraren Bilketa Sistematikoaren batzordean, Hiztegi Batuko lantaldean eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko lantaldean.

Andres Urrutiaten hitzetan, "Aduriz ohorezkoaren heriotzaren unean, bi hitz datozkit burura: leialtasuna eta apaltasuna. Asko zor dio Euskaltzaindiak, eta Euskaltzaindiaren hiztegiak bereziki. Langile fina eta asperrezina zen Jose Antonio, euskal lexikografiaren habe gotorra".

Era berean, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburu eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak nabarmendu du Euskaltzaindiaren Hiztegia aurrera eramateko ardura izan zuen euskaltzaina izan zela Aduriz, eta "haren isileko lanari esker" gaudela "gaur gauden tokian".