Joseba Intxausti Errekondo historialari euskaltzalea zendu da

Joseba Intxausti.
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 18 agosto 2023 13:01

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Joseba Intxausti Errekondo historialari euskaltzalea zendu da, 87 urte zituela. Intxausti Seguran jaio zen 1936ko uztailaren 20an eta Bartzelonako Unibertsitatean egin zituen Historia ikasketak.

Euskaltzaindia akademiak jakinarazi duenez, 1961ean euskaltzain urgazle izendatu ondoren Euskaltzaindian urte luzetan aritu zen euskararen historia soziala ikertzen eta dibulgatzen eta, horretaz gain, hainbat egitasmoetan ekarpena egiteko aukera izan zuen, besteak beste: Aditza, Argitalpenak, Alfabetatzea, Gramatika, Joanes Etxeberri egitasmoa eta Euskera agerkaria. Gipuzkoako ordezkaria ere izan zen 1979an. 2004ko azaroaren 26an ohorezko euskaltzain izendatu zuen Akademiak.

Gainera, Jakin Fundazioko ohorezko kide eta UZEIko zuzendari ohia izandakoa, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko idazkaria ere izan zen. "Joseba Intxausti, eragile euskaltzalea eta euskaltzain ohorezkoa; asko zor dio euskal kulturak, gehiago euskararen akademiak", adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Errekalde tanatorioan 10:00etatik 17:00etara izango da larunbatean, abuztuaren 19an. Hileta-elizkizuna larunbateko 18:00etan izango da, Donostiako Atotxako frantziskotarren elizan.