Juan Mari Beltranek jasoko du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko Manuel Lekuona saria

Juan Mari Beltranentzat da 2024ko Manuel Lekuona saria
EUSKO IKASKUNTZA
Actualizado: martes, 5 noviembre 2024 9:44

BILBO 5 (EUROPA PRESS)

Eusko Ikaskuntzak Juan Mari Beltran Argiñena musika interprete, ikertzaile, sustatzaile eta irakasle donostiarrari emango dio 2024ko Manuel Lekuona saria, musika ondare tradizionala berreskuratu, babestu eta transmititzeagatik.

Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez, 1983an sortu zen Manuel Lekuona saria, euskal kulturaren alde lan egin duten pertsonak goratzeko. Beltranen kasuan, epaimahaiak nabarmendu du bere lana "dibulgazio multidimentsionala" izan dela, "txikitik unibertsalera" joanda, instrumentu familia desberdinak Europako ingurune kulturalean barneratzen eta kokatzen lagundu baitu.

Gainera, "ondareari abangoardiako itxura ematen asmatu" duela eta "prestigio gabeko musika tresnei merezi duten errekonozimendua" eman diela azpimarratu du sariaren epaimahaiak.

Juan Mari Beltranek Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) hasi zuen bere musika ibilbidea klarinete eta txistulari gisa, haurra zelarik, eta 16 urterekin Argia Donostiako Euskal Dantzari Taldean sartu zen. Irakasle gisa, Hernaniko Musika Eskolan eman zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakasten.

1960ko hamarkadan, musika herrikoiari buruzko materialak biltzen hasi zen, formatu eta modalitate guztietan. Bilduma partikular hori Soinuenea Herri Musika Txokoaren ernamuina izan zen, 2002. urtean Oiartzunen (Gipuzkoa) ateak ireki zituen folklore tradizionalaren inguruko dokumentazio, sustapen eta topaketarako zentroarena, alegia.

Euskal Herrian bakarra da museoa eta jarduera gune garrantzitsu ere bada. Instrumentuak, partiturak, diskoak, ikus-entzunezkoak eta grabazioak biltzen dira bertan, etnomusikologian espezializatutako liburutegi batekin batera. Soinuenea kultur transmisioaren esparruan egindako lan sendo eta iraunkorrenetako bat da.

Duela mende erdi baino gehiagotik, Juan Mari Beltranek musika ondarea berreskuratzen, zaintzen eta transmititzen lan egin du, bai alderdi materialean, bai ez-materialean. Batetik, desagertzeko bidean zeuden musika tresna tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta belaunaldi berriei ezagutzera ematea ahalbidetu du; bestetik, euskal herri errepertorioko konposizioak berreskuratu eta zabaldu ditu, bertako testuinguruen eta kultur erabileren azterketarekin batera.

Ikerketari dagokionez, Juan Mari Beltranek herri musikari eta folkloreari buruzko azterlan ugari garatu ditu Euskal Herrian eta nazioartean, eta horrela, musika tresnen familiak Europako kultura ingurunean integratzen eta globalki ulertzen lagundu du.

Horrekin batera, musika tradizionalaren eta garaikidearen arteko zubiak eraikitzen inplikatu da, eta zeregin hori guztia dozenaka argitalpen bibliografiko zein diskografikotan gauzatu da, baita Euskal Herri osoan bakarka edo taldeekin egindako musika emanaldietan ere.

ERABAKIA

2014az geroztik, Manuel Lekuona saria ebazteko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da bozketa ireki bidez eta bazkideena ere biltzen da. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza.

Aurten, epaimahai hori, Eusko Ikaskuntzaz gain, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko, Barandiaran Fundazioko, Euskal Kultur Erakundeko, UN Etxeko, Etxepare Euskal Institutuko eta Euskarabideko ordezkariek osatu dute.

Horrela, bere izaerari fidel, lurraldetasuna zaintzen du Eusko Ikaskuntzak, ez bakarrik botoen eskaera bazkideei eta Euskal Komunitate Globalari eginez, baizik eta epaimahaian Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkari adituak deituta ere.

Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura batek irudikatzen du Manuel Lekuona saria, eta Juan Mari Beltranek ekitaldi publiko batean jasoko du 2025ean, seguru asko udaberrian.

Contador