Kalitatea kudeatzeko bost ISO arau euskaratu ditu Jaurlaritzak, eta enpresen artean hedatzen hasi da

Actualizado: lunes, 28 octubre 2019 14:32

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak kalitatea kudeatzeko bost ISO arau euskaratu ditu, arlo sozioekonomikoan euskara bultzatzeko bere helburuaren baitan, eta gutun bat igorri die euskal enpresei, arauok euskaraz eskuragarri dituztela jakinarazteko. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta UNE Normalizaziorako Espainiar Elkarteak 2017an sinatu zuten lankidetza hitzarmenari esker egin ahal izan da urrats hori.

Hain zuzen, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, euskaratutako bost arauak honako hauek dira: UNE-EN ISO 9001 Kalitatea kudeatzeko sistemak. Eskakizunak; UNE-EN ISO 14001 Ingurumen kudeaketako sistemak. Erabiltzeko eskakizunak; UNE-EN 91OO Kalitatea kudeatzeko sistemak; Abiazio, espazio eta defentsa erakundeetarako eskakizunak; UNE 19601 Konplimendu penalerako kudeaketa sistemak. Eskakizunak eta erabiltzeko gomendioak; eta UNE-EN ISO/IEC 27001 Informazioaren teknologia. Segurtasun teknikak. Informazioaren segurtasunaren kudeaketa sistemak. Eskakizunak.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Javier Garcia Diaz UNEko zuzendari nagusiak 2017ko amaieran sinatu zuten neurri horiek bultzatu dituen akordioa. Hitzarmenaren helburua da ISO arauak euskaratzeko programa bat garatzea hitzarmenak iraungo duen lau urteetan; akordioa epe hori baino gehiago luzatu ahal izango da.

Arau tekniko horiek merkatuak jardunbide egokiei buruz duen adostasuna islatzen dute, erakundeen lehiakortasunerako funtsezkoak diren gaiei heltzeko orduan, enpresen ziurgabetasuna ezabatuz. Euskaratzeaz gain, ISO arauak galiziera eta katalanera ere itzultzen dira.

Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, hitzarmenaren xede den programaren UNE arauak euskaratzeaz arduratzen da, bai eta beharrezko eguneraketez ere. Horrez gain, urteko programan txertatu nahi diren arauen zerrenda sinatuko da urtean behin.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzak arauen euskarazko itzulpena eman behar die UNEko arduradunei, bertsio hori eta UNE arauari dagokion jatorrizko bertsioa bat datozela bermatuz. Bestalde, hitzarmena indarrean dagoen aldian zehar, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sail bat jasotzen du urteko aurrekontuetan arauen itzulpengintzarako.

Azkenik, beste gai batzuez gain, UNE arduratzen da hitzarmenaren xede den lan programatik eratorritako eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bermatutako arauen euskarazko bertsioak editatzeaz eta hedatzeaz. Edizioaren kostuak UNEk hartzen ditu bere gain, eta erakunde horrek baimentzen du Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoan txertatzea hitzarmenaren xede diren UNE arauetan barne hartutako terminoak eta jendartean hedatzea, betiere beren jatorria azalduta.