BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Guatemalako kazetari bati egindako elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzea eskatu dio 'Argia' aldizkariari Solway Investment Group enpresa multinazionalak. Aldizkariak ez du horrelakorik egingo eta "kazetaritza independentea aldarrikatzeko" baliatuko du erasoa.
Munduko nikel erauzle handienetakoa den Solway Investments Group multinazionalak egin duen erasoa salatzeko prentsa agerraldia egin dute astearte honetan 'Argia' aldizkariko lantaldeak eta Mugarik Gabe GKE-ak.
Azaldu dutenez, aldizkariak elkarrizketa egin zion apiril amaieran Guatemalako Paolina Albani kazetariari. 'Prensa Comunitaria' hedabidean kolaboratzen du Albanik, eta Mugarik Gabe GKEak gonbidatuta izan zen Euskal Herrian.
'Argia'-rekin hitz egin zuen, besteak beste, esku artean duten ikerketa bati buruz: 'Mining Secrets'. Nazioarteko 65 kazetari daude tartean; esaterako, Suitzako RTS irrati-telebista publikoko kazetariak, baita 'The Guardian', 'Le Monde' eta 'El País' egunkarietakoak ere.
Zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat jasota, kazetariek ondorioztatu zuten Suitzan egoitza duen Solway meatzaritza multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura txostenak ezkutatu dituela, tartean, herrialdeko lakurik handiena den Izabalekoa.
Horrez gain, ondorioztatu dute zonaldean bizi diren komunitateen biziraupen laboreei su emateko planak zituela Solwayk, tokiko liderrak erosteko diru funtsak zituela edota Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzen ziola, hau da, Solway taldeak haren baliabide finantzario eta politikoak erabili dituela Guatemalan haren interesen aldeko erabakiak har ditzaten.
Paolina Albani kazetariak kasu hori agerian utzi zuen 'Argia'-ko elkarrizketan, eta azpimarra jarri zuen Solwayk hedabideekin duen jokabidean: Guatemalako hedabide nagusiak erosiak dituela zioen, eta diskurtso ofizialetik ateratzen diren kazetariak jazartzen dituela.
"MEHATXUA"
Bada, elkarrizketa argitaratu ondoren, 'Argia'-k "mehatxutzat" jo duena eskatu diote Solway multinazionalak Espainiako Estatuan duen abokatu bulegotik, hau da, Paolina Albani kazetariari eginiko elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko. "Horiek egin ezean, kasua epaitegietara eramateko mehatxua egin digute", adierazi dute agerraldian.
"Publikoki ondorengoa erantzun nahi diogu urtean milioiak irabazten dituen multinazional horri: ez dugu elkarrizketa ezabatuko. Ez diguzue esango nor elkarrizketatu ahal dugun eta nor ez. Ez dizuegu dirurik ordainduko, eta gainera, gaiaz informatzen jarraituko dugu. Kontrakoa lortu duzue", gaineratu dute.
Halaber, 'Argia' zigortzen badute, mundu zabalean ingurumenaren defentsan ari direnek eta hedabide guztiek galduko dutela ohartarazi dute, eta horregatik, alrdizkariaren komunitateko kideei, irakurleei, kazetaritzaren sektoreari eta injustizia ororen aurka ari den orori babesa eskatu diete, "kazetaritzaren independentzia defendatzeko".
"Salaketa honi oihartzuna emateko eskatzen dugu, eta balio dezala banaka eta isilpean egiten dituzten mehatxuei elkarrekin eta ozen erantzuteko, horrela bakarrik lortuko dugulako gelditzea", ziurtatu dute.
Azkenik, Guatemalako 'Prensa Comunitaria' hedabideari eta Paolina Albani kazetariari elkartasuna adierazi nahi diete, baita lankideon "babes eta besarkadarik gozoena" bidali ere Guatemalan lurraren defentsan ari diren herrientzat eta jazarri dituzten kazetari guztientzat.