DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)
Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak hedabideetako profesionalei zuzendutako lantegi praktiko bat antolatuko dute, otsailaren 27an, Ihobe Eusko Jaurlaritzako ingurumen jarduketarako sozietate publikoaren lankidetzarekin. Helburua da klima aldaketaren eta berokuntza globalaren gako nagusiak ezagutzea eta jorratzea, kazetarientzat baliagarriak diren datuak, iturriak eta informazioa emanez.
Ihobe sozietateko klima aldaketa saileko adituek emango dute lantegia, otsailaren 27an, goizeko 10:00etatik 11:30era, Eusko Jaurlaritzako Donostiako egoitzan, antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.
Klima aldaketa gizateriak aurrez aurre dituen erronka handienetako bat da. Hedabideek muturreko fenomeno atmosferikoei lotuta jorratu ohi dute gai hau, eta herritarrek eurengandik urrun dagoen zerbait bezala ikusten dute, hau da, pentsatzen dute nazioarteko goi bilera handietan eztabaidatzen den zerbait dela eta norberak ezin duela ezer askorik egin egoerari buelta emateko.
Hain zuzen ere, klima aldaketaren eta berokuntza globalaren problematika gure ingurunera hurbiltzeko xedez, martxoaren 6tik 8ra, Change the Change Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Biltzarra egingo da Donostian. 50 aditu inguru bilduko dira bertan, gai horretan dauden onenetakoak.
Lantegia antolatuz, biltzarraz informatuko duten kazetarien lan profesionala lagundu nahi dute Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak, bai eta ingurumen informazioa edo klima aldaketari buruzkoa jorratzen dutenena ere.