DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloak hiru saio eskainiko ditu udaberrian, euskaraz, eta klima larrialdia, osasun bakarra eta agroekologia izango dituzte aztergai.
Saioak martxoaren 25ean, apirilaren 29an eta maiatzaren 20an izango dira, guztiak 19:00etan, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da zikloan, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia komunikatzailearen eskutik: Elisa Sainz de Murieta Zugadi, Miren Basaras Ibarzabal eta Mirene Begiristain Zubillaga.
Egitasmoaren helburua da emakume zientzialariak ezagutzea. "Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan", adierazi dute antolatzaileek.
Bada, lehenengo saioa martxoaren 25ean izango da, eta Elisa Sainz de Murieta Zugadik 'Klima larrialdia, ikuspegi sozioekonomikotik' hitzaldia eskainiko du.
Elisa Saenz de Murieta Zugadi (Bilbo, 1977) geologoa da eta 2010ean hasi zuen ikertzaile ibilbidea, BC3 klima aldaketa ikertzeko zentroan, eta han egin zuen doktoretza tesia. Egun, BC3ko eta EHUko ikertzailea da, eta, bereziki, klima aldaketaren eraginak eta egokitzeko neurriak ikuspegi sozioekonomikotik aztertzeaz arduratzen da.
Miren Basaras Ibarzabal izango da bigarren solasaldiaren protagonista, eta apirilaren 29an izango da, 'Gure osasuna planetaren osasunera lotua dago' izenburupean.
Miren Basaras Ibarzabal (Bilbo, 1968) Mikrobiologian doktorea da eta ibilbide luzea du EHUn, irakasle eta ikertzaile lanetan. Horrez gain, ezaguna da zientzia gizarteratzeko egiten duen lanarengatik, eta hainbat sari jaso ditu horregatik, tartean, CAF-Elhuyar Merezimendu saria. Gaur egun, mikrobiota ikertzen dabil, bereziki, sexu bidezko infekzioekin erlazionatua.
ELIKADURA BURUJABETZA
Azkenik, hirugarren hizlaria Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria izango da, maiatzaren 20an, eta 'Elikadura burujabetza, agroekologiatik eta feminismotik' hitzaldia eskainiko du.
Mirene Begiristain Zubillaga (Andoain, 1972) Ekonomian doktorea eta irakaslea eta ikertzailea da EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Bereziki, nekazaritza eta elikagai sistemak ikertzen ditu, agroekologiaren eta feminismoaren ikuspegietatik. Euskal Herriko hainbat esperientzia eta prozesu kolektibotan parte hartzen du, elikadura burujabetza helburu.
Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren 'Emakume zientzialarien argitan' podcastean entzun ahal izango dira; azken horretan, solasaldi zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko aukera izango da.