BILBO 10 Ene. (EUROPA PRESS) -
Euskarazko Tesien V. Koldo Mitxelena sariak jaso dituzte astearte honetan Joanes Lizarraga, Itziar Adarraga, Mireia Agirre, Galder Guenaga eta Amaia Munarriz Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) doktoreek, Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Osasun Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, eta Giza Zientziak jakintza arloetan, hurrenez hurren. EHUk eta Euskaltzaindiak bi urterik behin banatzen dituzten sarien helburua EHUn euskarazko ikerketa bultzatzea da.
Bilbon, Bizkaia Aretoko Baroja gelan egin den sarien banaketa ekitaldian bi erakundeen ordezkariak izan dira: EHUren izenean, Iñaki Goirizelaia errektorea eta Fernando Plazaola Ikerketaren arloko errektoreordea, eta Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria.
Horrela, Zientziak kategoriako irabazlea Joanes Lizarraga izan da, "Soka kosmikoen ondorio behagarrien iragarpen eta froga berriak" doktore tesiari esker, eta Itziar Adarragak Ingeniaritza eta Arkitektura arloko saria irabazi du, "Zurruntasun-indar metodoaren analisia eta bere aplikazioa laminatu konpositetan" tesiarekin.
Mireia Agirrek eskuratu du Osasun Zientziak jakintza arloko Koldo Mitxelena saria, "Oligokitosano ultrapuruetan oinarritutako poliplexoak: diseinua, karakterizazioa eta terapia genikorako aplikazioak" tesiari esker, eta Gizarte eta Lege Zientziak kategoriako irabazlea Galder Guenaga izan da," Enpresak bertatik bertara bisitatzea: Turismoa eta kultura garatzeko aukera Goierrin eta Euskadin" doktore tesiarekin.
Azkenik, Amaia Munarrizek lortu du Giza Zientziak kategoriako saria, "Hizkuntzen antolaketa burmuin elebidunean: gaztelania-euskara elebidun afasiko baten kasu-azterketa" doktore tesiari esker.
EUSKARAREN EGOERA
Bere hitzaldian, Iñaki Goirizelaiak azken hamarkadetan euskarak alor guztietan izan duen garapena "esanguratsua" izan dela eta Euskal Herriko Unibertsitateak "zerikusi handia" izan duela nabarmendu du. "Euskararen egoera erabat aldatu da azken 30 urteotan, eta uste dut, zinez, Euskal Herriko Unibertsitateak funtsezko eragina izan duela aldaketa horretan", esan du.
Bestalde, Andres Urrutiak sarion garrantzia gogoratu du, "ezagutzaren arlo desberdinak euskaraz lantzen laguntzen dutelako, goi mailako doktorego tesiak euskaraz egitea eta horren zabalkundea eta ikusgarritasuna bermatzen dutelako, ezagutzaren gizarteratze prozesuan ezinbesteko lagungarriak baitira".
"Horretan datoz eskurik esku, eta bigarrenez, EHU eta Euskaltzaindia, bi erakundeek euskararen jorraketa eta aurrerapena baitute helburu, beti euskara moderno eta arlo askotako baten defentsa eta sustapenean", adierazi du.