'Kontrako eztarritik' saiakeraren katalanerako itzulpenak lortu du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

2024Ko Etxepare-Labpral Kutxa Itzulpen Saria Eman Dute
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: miércoles, 2 octubre 2024 17:36

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren 'Kontrako eztarritik' saiakeraren katalanezko edizioak irabazi du 2024. urteko Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria. Estibaliz Lizaso tolosarrak itzuli du lana euskaratik katalanera, eta Bartzelonako Pol·len edicions argitaletxeak plazaratu du, 'Revers. Testimonis de dones bertsolaris' izenburupean.

Itzultzaileak eta argitaletxeak Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik jaso dute saria asteazken honetan, Bilboko Bidebarrietako liburutegian egin den ekitaldian. Uxue Alberdi liburuaren egilea, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkaria ere izan dira bertan.

'Kontrako eztarritik' lanaren katalanezko edizioari buruz epaimahaiak nabarmendu du itzulpena "zentzu guztietan apartekoa" dela, eta erabilitako hizkuntza "guztiz benetakoa" dela, "arina" eta "egilearen helburuari modu eraginkorrean" erantzuten diona. Gainera, "zuzeneko itzulpena izatea" ere kontuan hartu du epaimahaiak, baita "bertsolaritzaren zabalkundean lanak egiten duen ekarpena" eta "genero rolak auzitan jartzea" ere.

Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak, Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko euskal kultura sustatu eta hedatzeko zuzendariak, Elizabete Manterola eta Zuriñe Sanz EHUko irakasle eta EIZIEko kideek eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak osatu dute aurtengo epaimahaia.

Saria emateko ekitaldian, kanpoan euskarazko literatur sorkuntza erakutsi ahal izateko itzulpenak duen garrantzia nabarmendu du Ibone Bengoetxeak. "Gure literaturari mugak irekitzeko eta gure literatur sormena eta gure idazleen talentua beste kultura eta hizkuntza batzuetan ere ezagutarazteko balio du", adierazi du.

IRABAZLEAK

Estibaliz Lizaso Lopetegi (Tolosa, 1984) itzultzailea eta interpretea da. Esperientzia handia du kulturaren sektorean, eta euskara katalanera eta alderantziz interpretatzeko zerbitzuak eskaini ditu hainbat ekitalditan, besteak beste, Bertsolari Txapelketa Nagusian, CCCBko Kosmopolis 23. Poetry Slam. Rapsòdia Submarina ekitaldian edota Menorcako Trobada de glosa i vers improvisat topaketan.

Bere lanari esker 'Revers. Testimonis de dones bertsolaris' katalanera itzuli da, 'Kontrako eztarritik' izenburupean. Gainera, berari zor zaizkio ingelesezko hainbat idazleren lan batzuen euskarazko itzulpenak, hala nola Angela Davis, Dashiell Hammet, Nicholas Blake eta JK Rowling egileen lanenak.

Pol·len edicions Bartzelona dagoen argitaletxe kooperatiba da. 2011n sortu zen eta ordutik 200 liburu inguru plazaratu ditu. Argitaratutako lanek biltzen duten gai nagusia pentsamendu kritikoa da, eta horren barruan hiri antropologia, feminismoak, ekologia, fotokazetaritza, poesia eta kontakizunak nabarmentzen dira.

2012az geroztik, Pol·len edicions argitaletxeak euskal literaturaren eta pentsamenduaren lanak katalanera itzultzen ditu urtero, bi lurraldeen arteko zubia indartzeko asmoz. Euskaratik katalanera lan gehien itzuli dituen argitaletxea da, eta bere funtsean, besteak beste, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia, Hakaitz Cano, Uxue Alberdi eta Mari Luz Esteban idazleen liburuak aurki daitezke.

2019an, Pol·en edicions eta Ainara Munt itzultzaileak Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria jaso zuten Joseba Sarrionandiaren 'Hilda dago poesia?' liburuaren katalanezko edizioagatik ('És morta la poesia?').

SARIA

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zuten Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena aitortzeko. Sariarekin, bi erakundeek itzultzaileek itzalean egindako lana azpimarratu eta balioetsi nahi dute, baita argitaletxeek euskarazko literatura itzultzearen alde egindako apustua aitortu ere.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkez daitezke sarira, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori aurreko urtean zehar argitaratutakoa izatea (2023an aurtengo edizioaren kasuan).

Sari bakarra ematen da, 4.000 eurokoa, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten; izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira hala itzulpenaren kalitatea, nola literatur lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere.

Gainera, irabazleek 2.000 euroko laguntza izaten dute saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatur lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin jarraitzeko (aurkezpenak, publizitate kanpainak eta abar).

Contador