Kontseiluak, ELAk eta LABek "langileen eta euskararen alde" elkarretaratzera deitu dute ostegunean Bilbon

Elkarretaratze bat Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Actualizado: martes, 14 enero 2025 13:17

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek "langileen eta euskararen alde" elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak ostegunean, urtarrilaren 16an, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, Bilbon, joan den astean argitaratu zen Bizkaiko Foru Aldundiko 77 lanposturen egonkortzearen aurkako epaiaren aurrean.

Euskalgintzaren Kontseiluak kezka adierazi du "euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialak" 500 lanpostu publiko baino gehiagori eragin dielako, tartean, EAEko Auzitegi Nagusiak pasa den astean eman zuen Bizkaiko Aldundiko 77 lanposturen egonkortzearen aurkako epaia.

Kontseiluaren arabera, egoera "bereziki larria da", Hizkuntza Eskubideen Behatokiak bildutako salaketek adierazten duten bezala, "herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daudelako bermatuta Bizkaiko Foru Aldundian, horri konponbidea jartzera bideratutako deialdi hau bertan behera uzteak urraketak betikotzea lekarkeelako ezinbestean".

"Izan ere, bi hizkuntza ofizialak dakizkiten langile publikoak dira herritar guztien hizkuntza eskubideak berma ditzaketen bakarrak: langile elebidunak, bi hizkuntza ofizialak ikasteko ahalegina egin dutenak, eta beraz, zerbitzu hobea eskaintzeko gaitasunak dituztenak", nabarmendu du.

Hala, Kontseiluak babesa helarazi nahi izan dio Bizkaiko Foru Aldundiari "sektore publikoa euskalduntzeko neurriak bultzatzen jarrai dezan", baita azken epaiari kasazio errekurtsoa jarri eta prozesua azken bururaino eraman dezan ere, "herritarren eskubideak eta hizkuntza politika egiteko administrazioaren eskumena ukatzen dituelako".

Ildo honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak eta LAB eta ELA sindikatuek "langileen eta euskararen alde" elkarretaratzera deitu dute ostegunean, urtarrilaren 16an, 12:00etan, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, Bilbon.

Contador