BILBO, 28 (EUROPA PRESS)
Euskalgintzaren Kontseiluak urteko batzar nagusia egin du ostiral honetan Iruñeko Kondestable jauregian, eta abenduaren 27an Bilbao Arena pabiloian milaka euskaltzale batzeko deia egin du, "euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko lehen urrats" gisa.
Urteko batzar nagusian, euskararen normalizazioaren erronka nagusiak eta abenduko ekimenaren data aurkeztu dute Euskalgitzaren Kontseiluko bazkideek, eta larrialdi linguistikoari erantzuteko, euskararen biziberritzea agenda politiko eta sozialaren lehen lerrora ekartzea aldarrikatu dute.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, euskara eta euskal hiztun komunitatea "larrialdi linguistikoan" dauden arren, "euskalgintzako eragileok indartsu abiatu dugu urtea".
Gogoratu du apirilean "euskararentzat justizia eta justizia euskaraz" aldarrikatuko dutela Baionako kaleetan, maiatzean Euskaraldia egingo dela, eta abenduan euskal kulturaren topagune den Durangoko Azokak 60 urte beteko dituela.
Gainera, urte osoan zehar, euskaltegiek, hezkuntza zentroek, euskara elkarte eta aisialdi taldeek, askotariko erakunde, kirol elkarte, enpresa, eragile eta, orokorrean, milaka herritarrek "euskarari bizitza ematen" jarraituko dutela ziurtatu du.
"Eta kalean, etxean, plazan, egunkarietan, aldizkarietan, irrati-telebistetan, sare sozialetan eta mota guztietako kultur adierazpenetan, euskaraz bizitzeko eremu erosoak sortzeko eta elkarlotzeko lanak ez du etenik izango", gaineratu du.
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzean egindako urratsak "ukaezinak" direla nabarmendu du, baina, hala ere, susperraldi ziklo hori "agortzen ari denaren zantzuak nabariak" direla datu soziolinguistikoetan eta horietatik abiatuta euskalgintza instituzional zein sozialetik azken urteetan egin diren diagnostikoetan.
Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, "asko dira kezkatzeko gertakari eta datuak", besteak beste, ezagutza erlatiboa apaltzen ari dela oraindik Ipar Euskal Herrian, Nafarroako ikasle berrien erdiek baino gehiagok ez dutela euskararekin harremanik izango beren ikasketa ibilbidean, edota erabilera soziala jaisten ari dela eremu euskaldunenetan -arnasguneetan barne-.
Halaber, salatu duenez, euskara ofiziala den eremuan ere, "euskararen normalizazioa xede duten politikak eraisten ari den oldarraldi judiziala iristen ari da auzitegietatik, euskaldunon eskubideak, hizkuntza berdintasuna eta gizarte kohesioa kolpatuz".
"Eta egiturazko minorizazio egoeraren punta: gero eta gutxiago direla euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak, egoera diglosiko batean horrek esan nahi duen guztiarekin", gaineratu du Eskisabelek.
Gainera, nabarmendu du globalizazioaren egungo "aldaera muturrekoak" zaildu egiten diela hizkuntza minorizatuei normalizazio bidea eta sozialki bizirik irautekoa, eta euskara ez dagoela dinamika horretatik salbu. "Praktika berri horiek hizkuntza nagusienen alde jartzen dute balantza, euskararen kasuan, bereziki gaztelera eta frantsesaren alde egiten badu ere, gero eta gehiago, baita ingelesaren alde ere", azaldu du.
ERRONKA HANDIA
Gauzak honela, Eskisabelek ziurtatu du euskararen normalizazio eta biziberritzeak "erronka handia" duela esku artean, eta "bultzada sozial handia" beharko dela erronka hori euskararentzako aukera bihurtzeko.
Gogorarazi du 2024ko Euskararen Egunaren testuinguruan urrats bat aurrera egin eta larrialditik indarraldira bideari ekiteko beharra aldarrikatu zutela Euskalgintzaren Kontseiluko bazkideek, eta 2025a euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat urte garrantzitsua izango dela iragarri zutela.
"Alde batetik, akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko lanean sendo ari garelako eta lehen emaitzak badatozelako. Zentzu horretan, erakundeei, eta eragile sozial eta politikoei dei egin genien euskararen auzia, euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko, lehentasunetan jartzeko, egiturazko arazoei erreparatzeko", azaldu du.
Beste alde batetik, esan du herritarrak gonbidatu zituztela "euskararen normalizazio eta biziberritzeak behar duen arnasa berri horren kide eta bultzatzaile izatera", eta abendurako ekimen sozial handi baten proposamena egingo zutela iragarri zutela.
"Hain zuzen ere, horretara gatoz: herritarrei egindako gonbidapen hura berritu eta zehaztera. Izan ere, sinetsita gaude euskarak behar duen pizkunde berria gure historia sozial garaikideko beste kinka larrietan bezala herritarren kidetza eta bultzadatik etorriko dela", adierazi du.
Horregatik, abenduaren 27an "milaka euskaltzale batuko dituen ekitaldia" egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko Bilbao Arena pabiloian, "euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko lehen urratsa".
"Beraz, euskaltzale guztiei, baina, oro har, justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurrera egin eta dibertsitatea bermatu nahi duten herritar denei, beren egutegian abenduaren 27a ondo markatzeko eta egun horretan gurekin egon, eta euskarak behar duen pizkunde berriaren parte izateko deia egiten diegu", esan du.
Ekitaldia pizkunderako bidean etorriko diren beste mobilizazio batzuen abiaburu izango dela iragarri du, eta nabarmendu du "garrantzitsua" dela lehen urrats hori "sendo ematea". "Bagoaz larrialditik arnasa berritzera. Elkarrekin egingo dugu bidea", ziurtatu du.