Korrikaren unitate didaktikoa osorik online lantzeko aukera eskainiko dute AEK-k eta Ikastolen Elkarteak

21. Korrikaren unitate didaktikoa aurkeztu dute
AEK
Actualizado: viernes, 22 febrero 2019 12:45

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

AEK-k eta Ikastolen Elkarteak 21. Korrikaren unitate didaktikoa aurkeztu dute ostiral honetan, Bilboko Abusu ikastolan. Osorik online lantzeko aukera izango da lehen aldiz, baina paperean deskargatzeko moduan ere ipini dute www.korrika.eus webgunean.

Korrikaren edukiak lantzeko unitate didaktikoaren aurkezpenean izan dira Korrikako eta Ikastolen Elkarteko arduradunak, Abusu ikastolako ikasleekin batera. Unitatearen erakustaldi laburra ere egin dute ikastolako ikasleek.

Unitate didaktikoak hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean, eta lehen aldiz aukera izango da osorik sarean lantzeko, horretarako sortu duten webgunean. Orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere izango da webgune horretan bertan.

Unitate didaktikoa AEKren eta Ikastolen Elkartearen arteko "elkarlan naturalaren fruitua" dela adierazi du Asier Amondo Korrikako arduradunak, ia hogei urte baitira Korrikari buruzko lehen unitatea aurkeztu zutenetik. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza zentro guztietan lantzeko modukoak dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian, eta balio handia eman dio euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileen arteko elkarlanari, "bakarka baino samurrago, eraginkorrago, egin dezakegulako gure egitekoa elkarrekin".

Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitatearen egileak eman ditu unitateari buruzko azalpenak. Adibide gisa, jarduera baten berri eman du: QR kode bidez, Korrika amaieran irakurtzen den mezu sekretua osatu beharko dute ikasleek, aurreko mezuen lanketatik abiatuta. Abusu ikastolan bertan egindako esperimentua azaldu dute ikasleek beraiek.

Amondoren hitzetan, "oso garrantzitsua" da Korrika haur eta gazteen artean, eta haiek ere "klika egitea" espero dute, baina herritar oro gonbidatu du zeregin horretara: "Dagoeneko klika egin dugunon auzolana sustatzen ari gara baina, batez ere, klika egitera erakarri nahi ditugu herritar eta eragile berriak".