Laboral Kutxak "ilusioz eta anbizioz gainezka" ekingo dio Italiako Giroari

Laboral Kutxako txirrindulariak
SPRINT CYCLING
Publicado: domingo, 7 julio 2024 10:51

BILBO 7 Jul. (EUROPA PRESS) -

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa txirrindularitza taldeak "ilusioz eta anbizioz gainezka" ekingo dio Italiako Giroari igande honetatik uztailaren 14ra bitarte. Lehen aldiz RCS Sport enpresak antolatutako WorldTour mailako lasterketak zortzi etapa izango ditu eta "mugarri berri bat da" emakumezkoen euskal txirrindilaritza taldearentzat.

Usoa Ostolaza, Nadia Quagliotto, Ane Santesteban, Aileen Schweikart, Debora Silvestri, Laura Tomasi eta Cristina Tonetti dira lasterketa jokatuko duten zazpi txirrindulariak, Ion Lazkanoren eta Peio Goikoetxearen kirol zuzendaritzapean. Beraz, bi euskaldun, lau italiar eta alemaniar bat izango dira irteeran.

Gainera, taldea "une gozoan" iritsiko da Italiako Girora, Espainiako Txapelketa bikainaren ondoren: Usoa Ostolazak eta Yurani Blancok urrea eta zilarra erdietsi zituzten, hurrenez hurren, eta Eneritz Vadillo 23 urtez azpiko mailan nagusitu zen. Halaber, Blancok garaipenak eskuratu zuen Eibar Hiria Sari Nagusian eta Ostolazak Pirinioetako Tourrean.

Emaitza horien ondorioz, Laboral Kutxa bigarren postura igo da Kontinental mailako sailkapenean, eta 2025eko WorldTour mailako proba guztietarako gonbidapena ematen du horrek. Giroa urteko bigarren itzuli handia da, maiatzean Espainiako Vuelta jokatu eta abuztuan Frantziako Tourrari ekin aurretik.

Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko kirol arduradunaren hitzetan, "Italiako Giroa emakumezkoen txrrindularitzan erreferente nagusiena izan da. Urte askotan bera izan da probarik garrantzitsuena. Azken urte hauetan oraingo Tourra sartu den arte, Giroa izan da eszenatorik handiena".

"Guretzako lehen aldiz horrelako lasterketan egotea sari bat da. Bertan egongo gara Anerekin eta Usoarekin ere; batak esperientzia du, besteak bolada oso ona du. Paper polit bat egiteko moduan izango garela uste dut, beraz. Argi dago maila oso altua izango dela, mundu mailako talderik garrantzitsuenak bertan izango dira eta", azaldu du.

Aitortu du gauzak ez dira errazak izango, baina "ilusioz eta motibazioz gainezka" doazela, azken bolada "oso positiboa" izaten ari delako taldearenzteat eta "gogo handiz" hartzen dutelako esperientzia berria.

"Bestetik, italiarrak baditugu taldean, eta ondo ezagutzen dute proba. Laura Tomasi esprintean sartzeko aukerak izango ditu, ihesaldietan murgiltzeko txirrindulariak ere baditugu, eta sailkapenaren nagusiari begira, egunez egun ikusi beharko da. Izan ere, zortzi etapa dira eta gogogartun handiena azken egunetan ditugu. Ikusiko dugu nora arte iristeko gai garen, baina itxaropenak baditut Anerekin eta Usoarekin maila polit bat eskaintzeko zentzu horretan", azaldu du.

SANTESTEBAN ETA OSTOLAZA

Ane Santesteban izango da taldeko liderra, oso ondo ezagutzen duen lurraldean eta lasterketan, Italiako taldeetan lehiatu baitzen 2014 eta 2018 artean. Gainera, Giroan hamargarrena izan zen iaz, zazpigarrena 2020an, bederatzigarrena 2018an eta 12.a 2019an, eta sailkapen nagusia izango du helburu berriro.

"Nire hamaikagarren Giroa izango da, baina hau berezia da, beste behin talde euskaldun batekin arituko naizelako Giroan, eta horrek sekulako ilusio egiten dit. Azken asteetan taldeak erakutsi du indartsu dagoela, baita bere izaera eta esentzia ere errepidean, eta, ziur nago Giroan ere hori erakutsiko dugula eta emaitza onak lortuko ditugula", esan du.

Adierazi du Pertsonalki ez direla asterik errazenak izan, baina lanean jarraitu duela, "dena ahalik eta ondoen egiten", eta ziur dagoela lan hori aterako dela noizbait. "Nire esperientziak esaten dit Giroan etapa guztiak direla garrantzitsuak. Sailkapen orokorrari begira, lehengo etapak, erlojupekoak, lehen aldeak egingo ditu. Eta seigarren eta zazpigarren etapak oso garrantzitsuak izango dira, batez ere zazpigarren etapa hori, oso gogorra izango baita eta aldeak oso handiak izango baitira", azaldu du.

Bestalde, Usoa Ostolazak hilabete bikain baten ondoren helduko da Italiako Girora, bigarren sailkatuta Blanco taldekideak irabazi zuen Eibarko Hiri Sari Nagusian, bosgarren izanda Andaluziako Itzulian, eta Aubisquen eta Pirinioetako Tourrean eta Espainiako Txapelketan lortutako garaipenekin.