DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)
Laburbira euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituak 2025eko ibilbidea hasiko du ostegunean, martxoaren 6an, Donostiako San Telmo museoan egingo den aurrestreinaldiarekin, Primeran plataformak eta Taupa mugimenduak museoaren laguntzarekin antolatuta.
Taupa euskaltzaleen mugimenduko iturriek jakinarazi dutenez, osteguneko ekitaldiaren ondoren, eta apirilaren 11ra bitartean, Euskal Herri osoko 50 udalerritan ikusi ahal izango da zirkuituaren aurtengo bilduma. Egutegi osoa https://irudienea.taupamugimendua.eus/egitasmoak/laburbira/ web orrian dago ikusgai.
Laburbiraren 22. ediziora 35 lan aurkeztu dira, eta horietatik zortzi film hautatu herriz herri ikus daitezen. Orotara, 97 minutuko film labur sorta osatu da "ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz". Denetariko lanak aurki daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zinemalditan saritutakoak.
Laburbiraren aurtengo edizioan ikusgai izango diren film laburrak honako hauek dira: 'Prosopagnosia' (Ekain Martinez), 'Plazer bat' (Sonia Estevez), 'Betiko gaua' (Eneko Sagardoy), 'Europa' (Ekain Irigoien), 'Pentsatzen dut' (Karmele Mitxelena), 'Hor konpon' (Jone Arriola), 'Goodbay Kepler'R (Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño eta Iraia Yarto) eta 'Utlandsk' (Alba Lozano).
Bi helburu nagusi ditu Laburbirak: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beren lanak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.
Horrela, 22 urtetan bide arrakastatsua egin du zikloak. Euskal zinemagintzaren "erakusleiho erreferentziala" bihurtu da, eta, zirkuitu egonkor eta zabala eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du. Donostiako San Telmo museoan ostegunean egingo den aurrestreinaldia 18:00etan hasiko da.