Laburbiraren 22. edizioa martxoaren 7tik apirilaren 11ra egingo da eta filmak aurkezteko epea zabalik dago

Laburbiraren 22. Edizioa
TOPAGUNEA
Publicado: sábado, 14 diciembre 2024 10:44

BILBO 14 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituaren 22. edizioa 2025eko martxoaren 7tik 11ra bitartean egingo da, eta sortzaileek euren lanak aurkezteko eta izena emateko epea urtarrilaren 24ra arte dago zabalik.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Laburbirak bi helburu nagusi ditu: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beren lanak erakusteko aukera emanez, eta, bestetik, herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea.

22 urteotan "bide arrakastatsua" egin du Laburbirak eta "euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala" bihurtu da. "Izan ere, zinema ekoiztea izatez da jarduera zail eta garestia, eta, ondorioz, film laburren sorkuntza da zuzendariek zinemaren industrian hasteko daukaten modu bakarra", azaldu dute.

Zentzu horretan, Laburbirak "berebiziko garrantzia" du sortzaileei eta beren lanei ikusgarritasuna emateko orduan, eta, "zirkuitu egonkor eta zabala" eskaintzen duen neurrian, "industria osoaren pizgarri moduan" ere eragiten du.

Bada, 2025eko Laburbira martxoaren 7tik apirilaren 11ra egingo da, eta aurkeztu nahi duten sortzaileek urtarrilaren 24ra arteko epea dute lanak aurkeztu eta izena emateko. Laburbiran parte hartzeko film laburrak euskaraz egindakoak, 2024an ekoitziak eta 25 minututik beherakoak izan behar dira. Izen-ematea Laburbiraren webgunean egin behar da: https://irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/laburbira/

Urtarrilaren azken astean aukeratuko dira Laburbira zirkuituaren 22. edizioan herriz herri eskainiko diren film laburrak, eta ukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan, hala nola publiko guztientzako lanak izatea, sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka, sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna, genero ikuspegia eta filmen bestelako ezaugarriak (euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak).

Contador