Lan ingurune seguruak kalitatezko enplegurako lehen bermea direla dio Jaurlaritzak

Mikel Torres 'Klima aldaketa eta laneko arriskuen prebentzioa' EHUko Uda Ikastaroaren hasiera ekitaldian
IREKIA
Actualizado: jueves, 27 junio 2024 11:15

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak lan osasunarekiko duen konpromisoa nabarmendu du, kalitatezko enplegurako lehen berme bezala, "ez dagoelako kalitatezko enplegurik enplegu segururik gabe".

"Ezinbesteko baldintza da, jatorrizkoa, gaixotzen gaituen edo istripua eragiten digun lan bat ez delako, soldata oso handia izanda ere, kalitatezko enplegua", esan du ostegun honetan Donostian, Osalan Lan Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatutako 'Klima aldaketa eta laneko arriskuen prebentzioa' EHUko Uda Ikastaroaren hasiera ekitaldian.

Torresek erantzukizun berriari ekin zion asteazkenean Jaurlaritzan, Osalaneko kontseilu nagusiko kideak agurtuz, eta, Lan Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatutako ikastaroan parte hartu nahi izan du, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak arlo horrekiko duen konpromisoaren erakusgarri.

"Legealdi honetan, zalantzarik gabe, Euskadik erabateko enplegua lortu behar du, baina lan baldintzak nabarmen hobetuko dituen legegintzaldia ere izan behar da, jarduera sektore guztietan eta guztiontzat, gazte eta nagusientzat, emakume eta gizonentzat, berdintasun baldintzetan, kalitatezko enplegua izateko aukera emango diguna", azaldu du.

Gogorarazi du indarrean dagoen Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategiak jada ekarri zuela paradigma aldaketa bat prebentzioaren ikuspegian, eta ikastaroa jauzi berria dela adierazi du, klima aldaketak lanean ari diren pertsonengan duen eraginari helduz.

Ildo horretan, Osalanen komunikazio fase berria aipatu du: erakundearen ohiko prebentzio planei, herritarrei zuzendutako prebentzio aholkuen hileroko kanpainak gehituko zaizkie, eta uztailean, hain zuzen, muturreko beroaldien aurreko prebentzio neurriak izango ditu ardatz.

Contador