BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) batzar nagusia egingo du Larrabetzun (Bizkaia) larunbatean, urtarrilaren 14an, eta mankomunitatera sartzeko Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaroko udalek egindako eskaera berriak aztergai izango dira. Bost udal berriak gehituta, 82 udal izango dira UEMAko kide, guztira 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.
Agintaldi honetan UEMAko kide izatea erabaki duten bederatzi udaletako alkate eta zinegotziek agerraldia egin dute astearte honetan Larrabetzun, Josu Labaka UEMAko lehendakariarekin batera, eta 2017 "urte garrantzitsua" izango dela nabarmendu dute, "adostasunaren bidetik UEMAk hazten jarraituko duelako batetik, eta arnasguneen aitortza zein babesa lortzeko jorratu beharko diren bideak sendotzeko urtea izango delako bestetik".
Hain zuzen, agintaldi honetan bederatzi udalek erabaki dute UEMAko kide izatea: Ea, Dima, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Mendaro, Larrabetzu, Ataun, Errezil eta Areatzako udalek.
Horrela, agintaldiaren hasieratik gehitu diren bederatzi herri berriekin, guztira, 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herrien artean. Labakak adierazi duenez, gainera, "urte berrirako aurreikuspen ederrak ditugu". "Beste hainbat herrik erakutsi du UEMAko kide izateko gogoa, eta horiekin ere ari gara bilerak egiten, ahalik eta adostasun zabalenarekin har dezaten erabakia, iraunkorra izan dadin", azaldu du.
Larrabetzuko alkate Iñigo Gazteluk, berriz, UEMAra sartzea "ohorea eta beharra" dela adierazi du, UEMAko kide izanda "inoiz baino euskararen herritarrago" direlako larrabetzuarrak.
BATZAR NAGUSIA
Modu honetan, larunbatean, UEMAko kide diren udaletako ordezkariek, batzar nagusia egingo dute Larrabetzuko kultur etxean, eguerdiko 12:00etan. Besteak beste, 2017ko egitasmoa onartuko dute, UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza.
Labakak adierazi duenez, UEMA euskalgintzatik sortutako erakunde publikoa den heinean, elkarlanean jarraituko du bidea egiten, "baina baita euskararen aldeko erabaki ausartak eta aurrerakoiak behar bezala hartuz eta bideratuz ere".
"Zentzu horretan, 2017 urte garrantzitsua izango delakoan gaude. Adostasunaren bidetik UEMAk hazten jarraituko duelako batetik, eta arnasguneen aitortza zein babesa lortzeko jorratu beharko diren bideak sendotzeko urtea izango delako bestetik", gaineratu du.