BILBO 8 Mar. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udalak Bidebarrieta Kulturgunean antolatzen duen "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak Martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du astearte honetan, eta Laura Freixas eta Anna Caballe idazleak elkartuko ditu, "literaturaren alorrean dagoen benetako genero berdintasuna" aztertzeko. Topaketa Arantxa Urretabizkaia idazleak moderatuko du.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren.
Emakumearen Nazioarteko Egunean, Freixasek eta Caballek begirada emango diote idaztea eta batez ere argitaratzea emakumeentzat zein zaila izan den argi eta garbi erakusten duen historiari. Abiapuntu horretan oinarrituz, literatur sistemaren barruan emakumeak une honetan duen egoera azaltzen ahaleginduko dira, bai eta beste gai batzuk ere, hala nola emakume izateak idazten den horretan duen eragina, testu anonimo batean emakumearen eskua ikus daitekeen ala ez, ezarritako kanonak eta irakurleen gustuak eta euren sexu bereko idazleek idatzitakoa nahiago duten ala ez.
Laura Freixas (Bartzelona, 1958) editore, literatur kritikari eta itzultzailea Zuzenbidean lizentziatu zen 1980an, baina idaztea izan da beti bere lanbidea. 1988an egin zen ezaguna "El asesino en la muñeca" kontakizun bildumarekin. 1997an "Último domingo en Londres" lehenengo eleberria argitaratu zuen, eta haren ondoren "Entre amigas" eta "Amor o lo que sea" etorri ziren. Beste kontakizun liburu bat eta autobiografia bat- "Adolescencia en Barcelona hacia 1970" (2007)- ere argitaratu ditu. Argitaratu duen azken liburua "Una vida subterránea. Diario 1991-1994" (2013) da.
Narraziogintzan egin duen lanarekin batera, Laura Freixasek lan handia egin du emakumeek idatzitako literaturaren aztertzaile eta sustatzaile gisa. 1996an "Madres e hijas" emakume idazle espainiar garaikideen kontakizunen antologia koordinatu eta hitzaurrea idatzi zuen, eta 2000. urtean "Literatura y mujeres" saiakera lana argitaratu. 2009an antzeko ezaugarriak dituen "Cuentos de amigas" antologia kaleratu zen, bai eta "La novela femenil y sus lectrices" (Leonor de Guzmán Saria) lana ere.
ANNA CABALLE
Bestalde, Anna Caballe Espainiar Literatura irakasle titularra da Bartzelonako Unibertsitatean, eta Azterlan Biografikoen Unitateko arduraduna. Bere ibilbide akademikoa idazketa autobiografikoa berreskuratzera eta aztertzera zuzendu du. Dokumentu biografikoaren izaerari eta haren sorkuntzari buruzko saiakerak eta Francisco Umbral edo Carmen Laforet bezalako egile handien biografiak argitaratu ditu. 2009an Gazel saria irabazi zuen "Una mujer en fuga" liburuarekin.
Horrez gain, bere lan akademikoetako askotan emakumearen lekua aztertzen du, "El bolso de Ana Karenina" (2008) liburuan, besteak beste. Bertan, Marie Clarie aldizkarian argitaratutako bere testuak berreskuratzen ditu, historiak, harrigarria bada ere, ahaztu dituen emakumeen biografia laburrak aurkezteko, kronika gisa. Nor garen jakiteko ezinbestekoak izan diren emakumeak, sarritan topikoak eta arauak apurtu zituzten emakumeak, hain zuzen ere.