Lehen Hezkuntzak 10.000 ikasle inguru galdu ditu azken bost urteetan EAEn

Archivo - Ikasleak
IREKIA - Archivo
Actualizado: lunes, 24 marzo 2025 10:44

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Unibertsitatez besteko irakaskuntza arautuetan 405.616 matrikula egin ziren 2023-2024 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko ikasturtearen oso antzekoa, bilakaera desberdina izan zen arren hezkuntza mailaren arabera. Lehen Hezkuntzan aurreko urtean baino 2.612 matrikula gutxiago egin ziren, hau da, %2,1 gutxiago, eta horrela, bost urteko jaitsiera kateatu eta jada 10.000 ikasle inguru galdu dira.

Bestalde, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak eta Lanbide Heziketak azken 20 urteetako matrikula kopuru altuenak izan zituzteb 2023-2024an, 90.000 eta 46.000 inskripzio baino gehiagorekin, hurrenez hurren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Oro har, araubide bereziko irakaskuntzek aldaketa handirik gabe jarraitu zuten, eta %1,1eko igoera orokorra gertatu zen Kirolaren Irakaskuntzen errekuperazioaren ondorioz, 2022-2023 ikasturtean galdutako 300 ikasle baino gehiago irabazita.

Haur Hezkuntzako datuak zehazkiago aztertuta, matrikulazioa %1 murriztu zen, nahiz eta 0-1 urteko geletako izen-emateak %13 igo. Alde handiak egon ziren sare publikoaren eta pribatuaren artean, 2023-2034 ikasturtean haur eskola publikoen doakotasuna indarrean jartzeak "eskaera nabarmen handitzea" eragin baitzuen.

Zehazki, ikastetxe publikoetako 0 urteko haurren matrikulak %57 igo ziren aurreko ikasturtearen aldean, 1.111tik 1.746ra, eta urtebeteko ikasgeletan %20 inguruko hazkundea izan zen. Zentro pribatuetan ere 0 urteko matrikulek gora egin zuten, baina apalago; 2022-2023 ikasturtean baino 100 inskripzio gehiago erregistratuta; urtebeteko ikasleei dagokienez, sare pribatuko eskoletako matrikulak %7 jaitsi ziren.

BATXILERGOA

Bestalde, 2023-2024 ikasturtean guztiz ezarri zen Batxilergoaren antolamendua ezartzen duen 243/2022 Errege Dekretua. Besteak beste, arauak Batxilergoa egiteko modalitateak aldatu zituen, eta berritasun nagusia Modalitate Orokorra sortzea izan zen.

Modalitate berri hori prestakuntza globalagoa eta malguagoa bilatzen duten ikasleentzat pentsatuta dago, hainbat modalitatetako ikasgaiak aukeratuz, askotariko prestakuntza ibilbideak konfiguratzeko aukera emanez.

Oraingoz, modalitate berri horrek ez du harrera handirik izan EAEn, eta 451 ikaslek soilik aukeratu zuen, guztizkoaren %1,4k. Aitzitik, Zientzien eta Teknologiaren modalitateak Batxilergoko ikasleen erdia baino gehiago erakarri zuen.

Batxilergoko modalitatea aukeratzerakoan, neskek eta mutilek desberdin jokatu zuten. Gizonezkoen %62k Zientzien eta Teknologien adarra aukeratu zuen, emakumezkoen %51k hautatu zuen bitartean. Humanitateetan eta Gizarte Zientzietan prestakuntza jaso zuten emakumeen proportzioa (%42) gizonena (%34) baino handiagoa izan zen.

Bide artistikoa aukeratu zutenak gutxiengoa izan ziren bi sexuetan, baina bide artistikoa aukeratu zuten emakumeen proportzioa (%6) gizonena halako hiru izan zen. Zifra absolutuetan, horrek desoreka handia eragin zuen ikasgeletan, eta modalitate horretan hamar ikasletik zortzi emakumeak izan ziren. Batxilergo Orokorra gizonen %2k eta emakumeen %1ek soilik aukeratu zuen.

LANBIDE HEZIKETA

Bestalde, 2023-2024 ikasturtean 41.447 pertsona matrikulatu ziren erdi edo goi mailetako Lanbide Heziketan, espezializazio ikastaroak barne, aurreko ikasturtean baino 1.400 gehiago.

Osasunaren lanbide arloko zikloak izan ziren gehien eskatu zirenak, 5.129 inskripziorekin, eta horietatik guztietatik lautik bat baino ez zuen egin gizon batek.

Fabrikazio mekanikoaren, Elektrizitatea eta elektronikaren, eta Informatika eta komunikazioen arloek osatu zuten matrikula gehien izan zituzten lanbide arloen zerrenda; horietan guztietan emakumeak %15 baino gutxiago izan ziren.

Azkenik, 178.000 ikaslek baino gehiagok erabili zuen eskola jantokia 2023-2024 iaksturtean, araubide orokorreko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasle guztien ia erdiak. Bizkaiko ikasleak izan zen zerbitzu hori gehien erabili zutenak, %56k baino gehiagok ikastetxean bazkaldu baitzuen, Gipuzkoan %41ek eta Araban %34k egin zuten bitartean.

Lehen Hezkuntzan izan zen eskola jantokiko eskari handiena, matrikulatutako lau pertsonatik hiruk beren ikastetxean bazkaldu baitzuen; Lanbide Heziketan, berriz, ia ez zen erabili zerbitzua.

Contador