Leioako Avanzada errepidea estaltzeko obrak 2025eko udan amaituko dira, aurreikusitakoa baino urtebete lehenago

Avanzada estaltzeko lanak Leioan
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 5 julio 2024 11:50

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Leioa pareko BI-637 edo Avanzada errepidea estaltzeko obrak nabarmen aurreratuta doaz hasierako epeekiko eta, lanen egungo egoera ikusita, eta aurreikusitako plangintzarekin bat etorriz, tunel berriaren estaldura prest egongo da 2025eko udan zehar, hau da, indarrean dagoen hitzarmenean zehaztutako epea baino urtebete lehenago, hasiera batean 2026ko abuzturako adostu baitzuten, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Aste honetan hasi dira tunel berriaren erdialdea estaliko duten habeak jartzen. Uztailean eta abuztuan zehar, ibiltzeko moduko gune berriak erabat estaliko dira, eta, beraz, irailetik aurrera, urbanizatzeari ekingo diote, seguru asko.

Aurrerago, urrian zehar, tuneleko ahoetan egingo dituzte lanak, sarrera-irteera berriak izango diren sareta metalikoak jarriz. Diseinu berritzaile horri esker, instalazio fotovoltaiko bat ezarriko dute, eta horrek kontsumo elektrikoaren kostuak merkatuko ditu, azpiegitura erabilgarri egon bitartean.

Halaber, estali beharreko guneetan zutoinak jartzen zituzten bitartean, ebakuazio galeria berriak eta tunela hornitzeko behar den azpiegitura eraiki dituzte. Hortaz, lokal teknikoak eraiki dituzte tuneleko sarreren eta kanpo nahiz barne kanalizazioen ondoan.

Horri esker, instalatu beharreko ekipamendua kontrolatzeko eta elikatzeko 130 kilometro kabletarako lineak egin ahalko dira; horietatik 50 kable elektrikoei dagozkie, beste horrenbeste komunikazioei eta 30 zuntz optikoari.

ESPAZIO BERRIAK

Avanzada errepidea estaltzeak espazio berriak sortuko ditu gainazalean: 10.000 metro koadro inguru, lehendik dagoen hiri-bilbea osatuko dutenak. Horrela, gaur egun Leioa banatzen duen lubakia desagertuko da, eta nabarmen hobetuko dira azpiegituraren kutsadura akustiko arazoak, 1.505 metroan zehar pantaila soinu xurgatzaileak jarriko dira eta.

Bidegorri bat ere dago proiektuaren barruan, Leioako Pinosolo aldea udalerriko erdigunearekin lotuko duena. Gainera, lan jardueraren zati batean Iparragirre kaleko espaloia 2,5 metro zabalduko da, erabat irisgarria izan dadin.

Proiektuak 62,5 milioi euroko aurrekontua du eta trafikoaren segurtasuna hobetuko du, egokiak diren neurri sistemen bidez, ia 900 metro luze den tuneletik 114.000 ibilgailu igarotzen baitira egunero, batez beste.

Contador