Leitzan ospatuko da Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an

Udalerri Euskaldunen Eguna aurkeztu dute
UEMA
Actualizado: miércoles, 18 mayo 2016 15:57

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

   Udalerri Euskaldunen Eguna Leitzan ospatuko da aurten, maiatzaren 28an, eta bere aurkezpena eta bertara joateko deia egin dute asteazken honetan hainbat ordezkarik eta eragilek Donostian, hedabideen aurrean egindako agerraldian.

   Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak, Eneka Maiz Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordekideak, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak, Sonia Ezkerra Udalerri Euskaldunen Eguneko abestiaren eta bideokliparen egileak eta Onintza Bengoetxea Leitzako Aurrera Dantza Taldeko kideak hartu dute parte agerraldian.

   Etxarri-Aranazko alkate Eneka Maizek gogorarazi du Udalerri Euskaldunen Egunarekin batera sortu zela UEMA ere. Aizarnazabalen Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuten lehen aldiz 1991ko maiatzaren 5ean, eta egun hartan egin zuten lehen batzarra UEMA sortu zuten udal ordezkariek. "Aurten, beraz, UEMAk ez ezik Udalerri Euskaldunen Egunak ere 25 urte betetzen ditu", nabarmendu du.

   UEMAk ekitaldi instituzionala egin zuen Aizarnazabalen maiatzaren 5ean, urteurrena gogoratzeko, eta maiatzaren 28an, berriz, Leitzan, "ekitaldi herrikoia egin nahi dugu, festa eta aldarrikapena uztartuz". "Festa, udalerri euskaldunek herri honi egin dioten ekarpena gogoratzeko, eta 25 urtean egindako lana eta bidea aitortzeko -azaldu du-. Aldarrikapena, euskaraz bizi nahi dugula gogoratzeko eta udalerri euskaldunok babes berezia eta hizkuntza politika aurrerakoia merezi dugula esateko".

   Bestalde, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak Udalerri Euskaldunen Egunaren antolaketan Leitzako herria "oso pozik eta inplikatuta" dagoela nabarmendu du. "Duela 22 urte Leitzan ospatu zen UEMA eguna, eta orain, UEMAk mende laurdena bete izana ere Leitzan ospatuko dugu, udalerri euskaldunetako herritarrekin, eta horrek ilusio handia egiten dio bai Leitzako Udalari eta baita herriari ere", esan du.

   Maiatzaren 28rako dena prest izateko herriko eragileen ordezkaritza zabala lanean musutruk aritu dela jakinarazi eta horien ekarpena eskertu du Zabaletak. Horrela, besteak beste, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Euskara Zerbitzua, Denok Bat Guraso Elkartea, Aurrerako dantzariak, Aurrera elkartea, Kultur Taldea, Atekabeltz gaztetxea, Karrape irratia, Kiliklon ekoizpenak edota Leitzako Bertso Eskola aipatu ditu, hainbat herritarrekin batera.

EGITARAUA

   Horien guztien izenean, Leitzako Aurrera Dantza Taldeko Onintza Bengoetxeak hartu du hitza, eta denen artean egindako lana nabarmendu eta osatu duten egitaraua aurkeztu du. Horrela, ekitaldien artean, txistulariak, arnasguneen tailerra, herrien arteko kirolak, flashmob bat, bazkari herrikoa, kantaldi bat, haurrentzako ikuskizun bat, elektrotxaranga eta kontzertua izango dira.

   Haurrentzako ikuskizunak eta ekitaldiak antolatzen dituen Kiliklon ekoizpenak etxeko Sonia Ezkerrak, berriz, Udalerri Euskaldunen Egunerako prestatu duten abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu. "Euskara hauspotzen" deitzen da kanta.

   Agerraldia amaitzeko, zenbait ohar ere eman dituzte antolatzaileek, Udalerri Euskaldunen Egunari buruzko informazio osagarriarekin batera. Horrela, UEMAk batzar nagusia egingo du maiatzaren 28an bertan, Leitzan, eta udal ordezkariek hainbat aztergai izango dituzte, besteak beste, Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorretak elkartera sartzeko egindako eskaerak onartzea. Hiru udal horiek gehituta, 76 udalerri izango dira UEMAko kide.

   Azkenik, jakinarazi dute bazkari herrikoirako txartelak aldez aurretik eskatu behar direla, maiatzaren 25a baino lehen, 943 816 699 telefonora deituta edo 662 307 903 whatsapp zenbakira idatzita. Leitzako Astitz, Maimur, Torrea eta Peritza tabernetan ere eskuratu ahal izango dira. Egunean bertan ez da txartelik salduko.