Lorea Argaratek jasoko du 2024ko Gladys saria, "ekintzaletasun, dibulgazio lan eta ibilbide aberatsagatik"

Archivo - Lorea Argarate Zubia
UPV/EHU - Archivo
Actualizado: lunes, 16 septiembre 2024 12:42

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Lorea Argarate Zubia teknologo, dibulgatzaile eta musikari bilbotarrak jasoko du aurtengo Gladys saria, eta epaimahaiak bere "ekintzailetasuna, dibulgazio lana eta ibilbide aberatsa" nabarmendu ditu sariduna iragartzean.

Puntueus Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak antolatzen dute Gladys saria, ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratze asmoz, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.

Gipuzkoako Aldundiko Berdintasunerako organoaren eta Danobatgroup industria taldearen babesarekin eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin ematen da saria, eta aurtengoa hirugarren edizioa da. Sari banaketa irailaren 26an izango da, 11:00etan, EHUko Informatika Fakultatean, Donostian.

Bada, EHUko iturriek jakinartazi dutenez, Lorea Argarate Zubia (1990) Bilbon jaio zen eta Berlinen bizi da. Arlo akademikoan Fisika gradua hasi bazuen ere, Telekomunikazio ingeniaria da (Deustuko Unibertsitatea, 2016).

Antolakuntza industrialeko graduondokoa egina du (Deustuko Unibertsitatea, 2017), bai eta bi master ere: Big Data & BI (Deustuko Unibertsitatea, 2017) eta irakasleen prestakuntza masterra (VIU, 2018). Blockchain programa ere osatu zuen Deustuko Unibertsitatean (2018). Egun Tazebaez kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu Berlinen eta Bilbon.

Musikarekiko pasio handia duen emakumea da, eta horrek Fisika ikasketak egitera bultzatu zuen, akustika ikasteko asmoarekin. Hala ere, ikasketak ez zituen momentu horretan amaitu eta Telekomunikazio Ingeniaritzan hasi zen, soinuan eta irudian espezializatuz. Bertan, arlo digitala eta programazioa deskubritu zituen.

Gradua amaitu ondoren, beste esparru batzuetan murgiltzeko gogoz, antolakuntza industrialeko eta Big Data-ko masterrak egin zituen. Orduan hasi zen Deustotech institutuan lanean. Hezkuntzarekin eta zientzia dibulgazioarekin zuen harreman estua ikusita, irakasleen prestakuntzarako master bat ere egin zuen, oinarri sendoagoak izateko.

STEAM IKUSPEGIA

Lorea Argarate oso gaztetatik bizi izan da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan murgilduta, bertako eta kanpoko eragileekin harremanetan, jakintza partekatuz. STEAM ikuspegia oso presente izan du, 'InspiraSTEAM' proiektuaren hasiera bizitzeko aukera izan baitzuen, eta ordutik, neskatilengan izan daitekeen inpaktuari erreparatu dio.

'White Mirror / Tech for Good' teknologia esponentzialak ongizaterako programaren sorreran parte hartu zuen, eta hainbat erakunderekin kolaboratu du, besteak beste, Puntueus, Elhuyar eta Gaztearekin.

Gaztea izan arren, foro askotan parte hartu du eta sarritan gonbidatzen dute ingurune digitalaz hitz egiteko. Eduki gehienak euskaraz egiten ditu, gazteei zuzenduak, haien formatu eta hizkuntzan. Proiektuak genero ikuspegiarekin lotzen ditu, estereotipoak apurtuz, profesio berriak erakutsiz eta besteak inspiratuz.

Klarinete jotzaile gisa karrera egina du, baina azken urteotan ezagunagoa da musika elektronikoan egin duen ibilbideagatik. Las Tea Party DJs musika proiektuko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen. Gaur egun 'Mauriziak ez du inor hil' antzezlanean ari da, eta bakarka ere aritzen da hamaika izenpean.