Luis Liz Marzan biomaGUNEko Ikerbasque ikertzailea Italiako Zientzia Akademiako kide izendatu dute

Archivo - Luis Liz Marzan izendapena jasotzen
BIOMAGUNE - Archivo
Actualizado: lunes, 11 noviembre 2024 15:24

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

Luis Liz Marzan Donostiako CIC biomaGUNE zentroko Ikerbasque irakaslea atzerriko akademiko izendatu du Italiako Zientzia Akademiak, Zientzia Fisikoen, Matematikoen eta Naturalen kategorian. Erakundeak Erroman duen egoitzan joan den ostiralean egindako ekitaldian, Liz Marzanek hitzaldia egin zuen bere ikerketa lanaren gako nagusien inguruan, zentro donostiarreko iturriek astelehen honetan jakinarazi dutenez.

Era berean, Italiako Zientzia Akademiako presidente Roberto Antonellik adierazi zuen "irmoki" uste duela Liz Marzanen ekarpenek areagotu egingo dutela erakunde italiarrak "zientzian eta kulturan duen izen ona". Akademia XVI. mendean sortu zen, tradizio handikoa, hastapenetan Galileo Galilei izan zuen kide, besteak beste, eta gaur egun zenbait Nobel saridun ditu tartean, italiarrak zein atzerrikoak.

Liz Marzanek bere sarrera hitzaldian adierazi zuenez, "ohorea handia da hain instituzio entzutetsu honetan parte izateko hautatua izatea. Ez dugu ahaztu behar, ordea, nahiz eta halako aintzatespenak nire izenari egiten zaizkion, meritua gero eta gazte zientzialari gehiagorekin partekatu beharko litzatekeela, lan bikaina egiten ari direlako, eta haiek gabe ezinezko zatekeen aintzatespen hau. Haiek denek ekarpen handia egin dute gure zientzia esparru honetan erreferentziakotzat aitortua izan dadin".

Luis Liz Marzan irakaslea CIC biomaGUNEko Bionanoplasmonikako laborategiaren buru, Vigoko Unibertsitateko katedraduna eta CINBIO eta CIBER-BBNko ikertzaile nagusia da, eta Europako Ikerketa Kontseiluaren finantzaketa 20 urtez jarraian izatea lortu duy aurki, ERC Synergy Grant bekari esker.

Oso ezaguna da nazioartean nanozientzian aitzindari izateagatik, bereziki nanopartikula plasmonikoen sintesian eta aplikazioan. Bere azkenaldiko lanaren zati handi bat nanopartikulen aplikazio medikoekin dago lotuta, hots, farmakoen administrazio kontrolatuarekin eta gaitzen detekzio goiztiarrarekin.

Aitziber L. Cortajarena Ikerbasque irakasle eta CIC biomaGUNEko zientzia zuzendariak nabarmendu duenez, Liz Marzanen lanak "berritzaileak dira oso". "Azpimarratzekoa da nanomaterialen sintesia eta, horrenbestez, beren propietateak erabateko doitasunez modulatzeko duen gaitasuna", gaineratu du.

Contador