DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)
'Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz' jardunaldia antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk eta UEUk, urtrarrilaren 23rako, Donostiako San Telmo museoan. Matrikula www.ueu.eus webgunean egin daiteke, eta jardunaldia zuzenean ere jarraitu ahal izango da UEUren Youtubeko kanaletik.
Gaia landuko duen bosgarren topaketa izango da, eta nazioarteko esperientzien berri izateko, garapen soziekonomiko endogenorako ereduak ezagutzeko, arkitektoen betaurrekoak janzteko eta arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politiken ereduan sakontzeko aukera emango du.
Jardunadia asteazken honetan aurkeztu dute, Donostian, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak.
Mendizabalek nabarmendu egin du arnasguneak babesteko eta hizkuntzaren erabileraren ikuspegitik dituzten ezaugarriak garatzeko eta zabaltzeko beharra, eta "ahalegin partekatu horretan" Gipuzkoak lurralde gisa duen konpromisoa berretsi du.
"Horretarako, alor guztietan politika publikoak ezartzeko garaian, hizkuntza berdintasunaren aldagaia kontuan izan beharreko elementua da. Gipuzkoa eta Euskal Herri orekatu bat nahi badugu lurralde, ekonomia eta gizarte ikuspegitik, hizkuntza berdintasuna ere ezinbestean jorratu beharreko gaia da. Arnasguneen garapena jasangarria izan dadin nahitaezkoa da gune horietan euskararen erabilera sendotzea eta arnasgune funtzional berriak sortzen ahalegintzea", adierazi du.
Bestalde, jardunaldiak orain arte egin duen ibilbidea laburbildu du Bilbaok, eta hasieratik "bide oparoa" egin duela nabarmendu, "hizkuntza normalizazio prozesuan arnasguneen zeregina eta garrantzia gero eta gehiagok ematen dutelako ontzat".
Bere iritziz, jardunaldien aurreko edizioek erakusten dute hizkuntza politika egin egiten dela politika publiko guztietan, eta politika publiko guztiek badutela eraginik euskararen normalizazio prozesuan.
"Esan dezakegu, beraz, hizkuntza politiken zeharkakotasuna azaleratu dela. Eta gainera, eragin hori aztertzeko eta beharrezko denean neurri zuzentzaileak ezartzeko Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko betebeharra jasota geratu da EAEko udal legean. Orain, lurralde antolaketaz hitz egiteko garaian, arnasguneen garapena erdigunean jartzeko eta horren araberako politikak garatzeko proposamenak lantzea dagokigu", azaldu du.
UDALERRI EUSKALDUNAK
Halaber, udalerri euskaldunentzat jardunaldi honek bereziki duen garrantzia aipatu du Laznaok. Azaldu duenez, "aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorrerako oinarriak mahai gainean jarri genituen, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da, egin beharrekoen bidea ere zabaltzen hasteko, hitz hutsetan gera ez gaitezen".
"Horretarako, aitzindarien esperientziak ezagutzea garrantzitsua iruditu zaigu, eta nazioartean arlo honetan egin diren urratsak ezagutuko ditugu lehenik, haietatik gurera zer ekar dezakegun edo guretzat baliagarria zer izan daitekeen aztertuz", esan du.
Bestetik, udalerri euskaldunen ezaugarriak kontuan hartuta, horietan garapen sozioekonomikoa modu iraunkorrean nola sustatu zehaztuko dutela aipatu du, "erdigunean bertakoa jarrita". "Azken batean, zergatik eta zer egin behar dugun zehaztuta utzi ondoren, nola egingo dugun erabakitzeko jardunaldia da aurtengoa", gaineratu du.
Azkenik, Sarasolak azpimarratu egin du jardunaldi hauek egiten ari diren "ibilbide oparoa" eta "eragile desberdinen arteko elkarlana". Bere hitzetan, UEUren zeregina da "gizartean dauden beharrak aztertu eta esparru akademikora ekartzea hausnartu eta balizko irtenbideak emateko helburuarekin, eta 'Lurraldea eta Hizkuntza' jardunaldiak egiteko horren adibide garbia dira, kezka batetik abiatuta erantzunak emateko gai izaten ari garelako".
EGITARAUA
Jardunaldiaren egitarauari eta parte hartzaileei dagokienez, Conchúr Ó Giollagáin (University of the Highlands and Islands), Joseba Garmendia (Iñaki Arregi bekaren irabazlea), Nora Erdozia (arkitektoa) eta Arritxu Zelaia (hizkuntza aholkularia) izango dira topaketan.
Halaber, jardunaldia bukatzeko, arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikei buruzko mahai inguru bat izango da, Iratxe Arriola (Ea), Olatz Peon (Tolosa), Oier Oiarbide (Gabiria) eta Joseba Otondoren (Baztan) parte hartzearekin.