Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak antolatuko ditu martxoaren 8an hiriburuetan eta herrietan

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia, Martxioaren 8ko ekitaldiak aukezteko.
EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA
Actualizado: jueves, 25 febrero 2021 17:03

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak antolatuko ditu martxoaren 8an Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburuetan eta udalerrietan, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, 'Dena aldatu, sistema arrakalatu' lelopean.

Pandemiaren ondoriozko osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak diren mobilizazio erak zailduko dituztela adierazi dute mugimenduko ordezkariek Donostian egindako prentsa agerraldian, baina "kaleak salaketarako espazio izateko modua" bilatuko dutela ziurtatu dute.

Pandemia gorabehera, Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8a ospatuko duela nabarmendu du, eta, "aurten inoiz baino gehiago, sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa adierazteko asmoz" antolatuko duela.

"Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo. Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko", adierazi dute agerraldian.

Beraz, bakoitzari dagokion arduraz jokatuta, martxoaren 8an kaleak eta plazak hartzera animatu dituzte emakumeak, trans eta bollerak. Donostian, Antiguako tuneletik hasiko da manifestazioa, 18:30ean; Gasteizen, 19:00etan San Anton plazatik; Baionan, 12:00etan izango da manifestazioa
Ospitaletik hasita; Bilbon, 19:00etan Jesusen Bihotzetik; eta Iruñean, 20:00etan auzo denetan. Hiriburuez gain, herrietan hamaika deialdi egingo dira.