Maier Taldeak Nazioarteko Diseinu Lehiaketaren sariak eman ditu

Foto: MONDRAGON
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 20:59

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Maier Taldeak Nazioarteko Diseinu Lehiaketaren sariak banatu ditu gaur, irailaren 6an, Zornotzako (Bizkaia) Automotive Intelligence Center (AIC) zentroan egin den ekitaldi batean.  Aurkeztu diren proiektuen esparrua Colour & Trim izan da, ibilgailua apaintzeko kolore, material eta egituren diseinuaren inguruan, alegia, eta lehiaketaren bosgarren edizio honetan 15.000 euro banatu dira irabazleen artean.

   Guztira hainbat herrialdetako 93 proiektu aurkeztu dira, horien artean Frantzia, Holanda, Italia, Alemania, Espainia, Txina, India, Brasil eta AEBetakoak. Sari banaketa ekitaldia eguerdian egin da, eta bertan izan dira, besteak beste, Bizkaiko Ekonomia Sustapenerako foru diputatu Imanol Padrales Mondragon Korporazioko lehendakari Txema Gisasola eta Peugeot-Citroen taldeko diseinu zuzendari Jean Pierre Ploue.

   "Profesionalak" saritzen dituen lehen saria, 8.000 eurokoa, Miriam Reyk eta Beatriz Andradek garatutako Colour&Trim&Light proiektuari egokitu zaio; bi diseinatzaileak egoitzak Brasil, Frantzia, Alemania eta Txinan dituen IBO Group enpresa taldeko kideak dira. Proiektu irabazlearen muina kromoterapiaren ezaugarriak dira; horren arabera, aldartea edo neke sentsazioa nola aldatu daitekeen landu da, ibilgailu barruko giroko argitasunari gama kromatiko hotzak edo beroak aplikatuz.

   "Ikasleak" saritzen dituen kategorian -4.000 euro-, saria Perfect Imperfection proiektuak bereganatu du, eta egileak Reutlingeneko (Alemania) Unibertsitateko Diseinuko ikasleak diren Bettina Kunkl eta Anna Katharina Greif izan dira. Proposamenean aztertu denez, industria perfekzioaren gainsaturazioak materialak eta produktuak baloratzeko modu berri bat eragin du, estetika aldakor bat, baina hori "ez da perfekzio eleganteago bat, inperfekzio perfektua baizik".

   Azkenik, 3.000 eurorekin saritu den "Materialen erakusgairik onena" Errioxako Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasleak diren Jose Garcia Magdaleno, Javier Salinero Rubio, Begoña Becerra, Karol Bledowski eta Marta Chodorowskak osatutako taldeak bereganatu du.

COLOUR & TRIM

   Aurten lehiaketara aurkeztu diren proiektu guztiak automozioaren eremuan oso hedatuta dagoen Colour & Trim kontzeptuari lotuta egon dira, hau da, ibilgailua apaintzeko kolore, material eta egituren diseinuari lotuta. Edizio honetako proposamenak ibilgailuaren barneko zein kanpoko produktuen garapenari eman dio arreta nagusia eta, zehazki, proposamenen jomuga izan dira ibilgailuaren aurreko fatxadako aginte panelera, atearen paneleko heldulekua, ibilgailuaren aurrealdeko modulua eta ateetako gainleihoak.

   Epaimahaia diseinu zentro, automozio enpresa eta erakunde publikoetako hainbat ordezkarik eta automozioaren sektoreko hainbat diseinatzailek osatu dute, eta irizpide hauek erabili dituzte baloratzeko: diseinurako proposamenen berrikuntza, emangarrien kalitatea eta automozioaren sektorean duten aplikagarritasuna.

   Lehiaketaren Epaimahaiko kideak hauek izan dira: Jean Pierre Ploue, Peugeot-Citroen Taldeko Diseinuko zuzendaria; Martin Bremer, Mercedesko Colour&Trim Diseinuko zuzendaria; Txema Gisasola, Mondragonm Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria; eta Imanol Pradales, Bizkaiko Ekonomia Sustapenerako ahalduna.

   Lehiaketaren helburua Maier Taldean berrikuntza sustatzea eta bultzatzea da, diseinuaren bitartez bere bezeroei balio erantsia eta bereizgarria eskaintzeko. Helburua, edonola ere, praktikoa da, xedea ez baita estetika hutsa, produkzioaren arloko aplikazioa baizik, bai Maierren beraren aldetik, bai Maierrekin normalean lan egiten duten ibilgailu fabrikatzaileen aldetik.

Contenido patrocinado