Mareak jaialdiaren bederatzigarren edizioa ospatuko da Bermeon urriaren 15etik 21era

Mareak jaialdiaren kartela
MAREAK JAIALDIA
Actualizado: viernes, 6 octubre 2023 10:14

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Mareak jaialdiak bederatzigarren edizioa egingo du aurten Bermeon (Bizkaia), eta kontzertuak, hitzaldiak, zine emanaldiak, solasaldiak edota aurkezpenak eskainiko ditu urriaren 15etik 21era agertoki ezberdinetan, urtero bezala "herri kulturan tradizioa eta abangoardia uztartu nahian", antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Jaialdia urriaren 15ean hasiko da, The Exbats estatubatuarrek eta Siglas donostiarrek Beleza Malandra ateneo kulturalean eskainiko duten kontzertuarekin (13:00etan, 8 euro). Biharamunean, urriaren 16an, beste kontzertu bat izango da areto berean, Dr. Maha bizkaitarrena (20:30ean, 5 euro).

Mareak jaialdiak zinemari ere egingo dio tartea, eta urriaren 17an Marie Loise zuzendariaren 'Genesis eta Lady Jayeren balada' dokumentala eskainiko du Nestor Basterretxea aretoan (19:00etan, doan). Urriaren 18an, aldiz, Yurre Ugarte kazetari, gidoilari eta zuzendariak bere bizipenetan eta psikogeografietan oinarritutako literatur eta musika kondaira bati buruz hitz egingo du Nestor Basterretxea aretoan (19:00etan, doan).

Halaber, Rouge Elea konpainiako Ander Fernandezek eta Zazpi T'erdi ikus-entzunezko kolektiboko David Aguilarrek 'Tximista beti hor' hitzaldi eszeniko, zine eta musika proiektua aurkeztuko dute urriaren 19an Nestor Basterretxea aretoan (19:00etan doan).

Bestalde, urriaren 20an, Oscar Gallardo idazleak 'El fantasma de los Munitiz' liburua aurkeztuko du Beleza Malandra ateneo kulturalean (18:30ean, doan), eta aukera baliatuko du Urdaibaiko istorio, kondaira eta misterioak kontatzeko, inguru horretan garatzen eta inspiratzen baita eleberria.

Egun berean, Anari abeslari eta konpositore azkoitiarrak kontzertua eskainiko du formatu intimo eta ezberdinean, eta "musikaz, literaturaz eta espirituarentzako beste elikagai batzuez" hitz egingo du Nestor Basterretxea aretoan (21:00etan, 8 euro).

AZKEN EGUNA

Mareak jaialdiaren bederatzigarren edizioa urriaren 21ean bukatuko da, egun beteko egitarauarekin. Hasteko, Angel Altolaguirre musikari gipuzkoarrak kontzertua eskainiko du formatu akustiko eta elektronikoan Frantziskotarren Klaustroan (13:00etan, 5 euro), eta ondoren, Alabazan ahozko narrazio taldeak 'Sir Gawain and The Sorgiña' kondaira arturiko baina modernoa aurkeztuko du toki berean (18:30ean, doan).

Bukatzeko, Aida Torresek eta Isabel Fernandezek osaturiko Magia Bruta bikoteak kontzertua eskainiko du Kurtzioko elizan (21:00etan, doan), eta Edu P. Ausucuak soinua jarriko dio jai amaierari Beleza Malandra ateneo kulturalean, musika "psikodeliko eta bidaiariko" saio batean (23:30ean, doan).