María Alché eta Benjamín Naishtat, Robin Campillo edota Raven Jacksonen filmak, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean

Sail Ofizialean lehiatuko diren filmetako batzuk
DONOSTIA ZINEMALDIA
Actualizado: viernes, 7 julio 2023 13:22

   DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

   María Alché eta Benjamín Naishtat, Robin Campillo, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martín Rejtman zinemagileek beren film berriak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean, irailaren 22tik 30era bitartean, eta Urrezko Maskorraren lehian izango dira. Gainera, Raven Jacksonek bere lehen filmarekin hartuko du parte, proiektu fasean Ikusmira Berriak egonaldi programan egon ondoren, antolakuntzak jakinarazi duenez.

   María Alché eta Benjamín Naishtat buenosairestarrek elkarrekin zuzendu dute 'Puan'. Film horretan, unibertsitateko katedra batek aurrez aurre jartzen dituen bi irakasleren rola egiten dute Marcelo Subiotto eta Leonardo Sbaraglia aktoreek.

   Alchék Horizontes saria eskuratu zuen bere lehen film luzearekin ('Familia sumergida' / 'A Family Submerged', 2018), eta, gainera, aurtengo Ikusmira Berriak programako egoiliarra da. Bestalde, Naishtatek zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 'Rojo' filmarekin (2018), eta aktore onenaren eta argazki onenaren sariak ere eskuratu zituen. Hori baino lehen Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen 'Historia del miedo' / 'History of Fear' (2014) lanarekin.

   'Puan' filma Proyecta 2021 ekimenerako hautatu zuten, eta Alché eta Naishtat egileak beste zinemaldi batzuetan ere izan dira euren bakarkako lanekin, hala nola Berlinen eta Locarnon.

   Bestalde, Robin Campillo jatorri marokoarreko zinemagile frantsesa lehen aldiz lehiatuko da Donostian, Madagaskar uhartearen kolonizazio frantsesean girotutako 'L'île rouge' / 'Red Island' filmarekin. '120 battements par minute (120 BPM)' / '120 Beats Per Minute' (Perlak, 2017) filmarekin Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu ondoren iritsiko da zinemagilearen laugarren lana.

   Campillok zuzendutako lehen filma, 'Les Revenants' / 'They Came Back' (2004), 'Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena' atzerabegirakoan sartu zuten, eta 2012an ere parte hartu zuen Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean, Laurent Canteten 'Foxfire' filmaren gidoilari gisa.

   Halaber, Raven Jackson estatubatuarrak bere lehen filmarekin lehiatuko da Donostian, Zinemaldiarekin "harreman estua" daukan arren. Izan ere, batetik, Nest sailean parte hartu zuen, zinema ikasleen nazioarteko film laburren lehiaketan, 'Nettles' (2018) lanarekin, eta, bestetik, Ikusmira Berriak programan Zinemaldiaren 71. edizioan aurkeztuko duen 'All Dirt Roads Taste of Salt' filma garatu du. Mississippiko emakume baten bizitzaren esplorazio liriko bat da, eta Sundanceko U.S. Dramatic Competition sailean estreinatu da aurten.

JOACHIM LAFOSSE

   Joachim Lafosse belgikarra Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialera itzuliko da bere hamargarren film luzearekin, Emmanuelle Devos eta Daniel Auteuil dituen 'Un silence' / A Silence' dramarekin, hain zuzen. 2015ean zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Lafossek 'Les chevaliers blancs' / 'The White Knights' filmarekin, eta bere lanetako bi Perlak sailean izan dira: 'L'économie du couple' / 'After Love' (2016) eta 'Les intranquilles' / 'The Restless' (2021).

   Bestalde, 'Quitters' (2015) filmarekin debuta egin ondoren, Noah Pritzker estatubatuarra lehen aldiz izango da Donostian, bere bigarren film luzea aurkezteko: 'Ex-Husbands'. Pelikulak familia bereko zenbait gizonen gorabehera sentimentalak islatzen ditu, eta Griffin Dunne, James Norton, Miles Heizer, Rosanna Arquette eta Eisa Davis antzezleek hartu dute parte.

   Halaber, Cristi Puiu zuzendari errumaniarrak 'MMXX' filmarekin parte hartuko du Sail Ofizialean, historiaren bidegurutzean harrapatutako arima alderrai mordo baten ibilerak atzitzen dituen pelikularekin.

   Puiuren lanak Cannesko eta Karlovy Varyko zinema jaialdietan izan dira, eta 2014an 'Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan' atzerabegirakoan sartu zen 'The Death of Mr. Lazarescu' (2005) filma Errumaniako zinemaren olatu berriko lan nagusitzat jotzen da. 2016an, 'Sieranevada' filmarekin Perlak sailean parte hartu zuen.

   Azkenik, Martín Rejtman buenosairestarrak 'La práctica' / 'The Practice' komediarekin parte hartuko du lehen aldiz Sail Ofizialean. Bertan, ezkontidearekin krisi betean dagoen yoga irakasle baten rola egiten du Esteban Bigliardi aktoreak.

   Zuzendariaren aurreko filmetako zenbaitzuk Donostian izan dira: 'Silvia Prieto' (1999) Made in Spanish sailean erakutsi zen; 'Los guantes mágicos' (2004) eta 'Dos disparos' / 'Two Shots Fired' (2014) Horizontes Latinos sailean egon ziren, eta 'Shakti' (2019) film laburra Zabaltegi-Tabakaleran eman zen Rejtman Nesteko epaimahaiburu izan zen urtean. Gainera, 2020an, 'El repartidor está en camino' / 'Riders' proiektuak koprodukzioak garatzeko Eurimages saria lortu zuen Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan.