'Mater' ontzi-museoak 'Zero Zabor Uretan' kanpaina abiatu du Bilbon eta beste zazpi portu bisitatuko ditu

'Zero Zabor Uretan' Programaren Aurkezpena
IREKIA
Actualizado: jueves, 4 julio 2024 13:59

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Pasaiako (Gipuzkoa) 'Mater' ontzi-museo ekoaktiboak 'Zero Zabor Uretan' kanpaina jarri du martxan ostegun honetan Bilbon, eta "itsaso osasuntsu baten aldeko itsas zeharkaldia" egingo du uztailean zehar, beste zazpi euskal portu bisitatuz. Kanpainaren seigarren edizioa da aurtengoa, 'Hondakinik onena, sortzen ez dena' lelopean, eta hausnarketa prozesu parte hartzaile bat sortzea eta hondakinen problematikari irtenbideak bilatzea ditu helburu.

Larunbatera arte Bilbon izan ondoren, Bizkaiko Portugaleten (uztailak 6-9), Bermeon (uztailak 9-12) eta Ondarroan (uztailak 12-15), eta Gipuzkoako Mutrikun (uztailak 15-18), Hondarribian (uztailak 18-21), Getarian (uztailak 21-24) eta Pasaian (uztailak 24-27) izango da omntzia, doako jarduerak eskainiz, hala nola bisitak, tailerrak, itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, proiekzioak eta itsasoa eta bizia zaintzeko aldarrikapenak.

Kanpainaren arduradunek Bilbon egindako agerraldian azaldu dutenez, 'Marter' portuotara iristearekin batera, aurreko hilabeteetan horietan hondakinen prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko tokiko eragileekin hasitako lana amaitzen da.

Sentsibilizazio hitzaldien, erakusketen eta hainbat kolektibori zuzendutako proposamenen bidez, sinergiak sortu dira tokian tokikotik arazoaren globalera eta konponbideetara jarduteko. Tokiko udalak, komunikabideak, gizarte erakundeak eta dendak izan dira aurtengo protagonistak.

Parte hartze horren haria komunitatean sortu eta erraldoi bihurtu diren bi figura izan dira, "ikusezina ikusarazteko": Bio Bizitzaren Sarea, biziaren zaintzaren garrantzia irudikatzen duena eta kakorratzez egindako dozenaka algaz eta itsas animaliaz egina dagoena, eta Zabor Itsas Hondakinen Munstroa, gizarte gisa ditugun kontsumo ohitura suntsitzaileen emaitza dena eta euskal kostaldean bildutako plastikozko itsas hondakinez osatua dagoena.

Bi erraldoiak 'Mater' ontziko eskifaiaren parte izango dira itsas zeharkaldian, eta herri bakoitzeko programazioa irekiko dute itsasoaren zaintzaren aldeko martxarekin, herriotako ehunka haurrek egindako eta saltokietan ikusgai izango diren mezuekin batera. Portuz portuko programazioa eskuragarri dago www.zerozaboruretan.eus webgunean.

Kanpainak hainbat administrazio publiko eta pribaturen babesa du, hala nola Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailarena, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailarena eta SEO Birdlife Libera proiektuarena, Ecoembes erakundearekin lankidetzan.