Foto: LAURA HANIFIN/HEINEKEN JAZZALDIA
DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)
Donostian uztailaren 19tik 23ra bitartean ospatuko den 47. Heineken Jazzaldiak Melody Gardot, Madeleine Peyroux eta Sharon Jones kantariak sartu ditu bere egitarauan, Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed eta Dado Moroni jazz-pianista ospetsuekin batera.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, jazzeko "diva handia izateko bidean" da dagoeneko 1985ean jaiotako Melody Gardot. Ahots ezin gozoagoak eta pianoaz eta gitarraz hain fin baliatzen jakiteak jartzen dute hura azkenaldiko beste errebelazio batzuen oso gainetik.
Halaber, bere ahots bereziari eta sentiberatasunari esker, "XXI. mendeko Billie Holiday" deitu zioten Madeleine Peyrouxi, eta hura agertzeak sekulako iraultza ekarri zuen emakume-ahotsen jazzera. Beti zaindu izan du oso ondo errepertorioa: Billie Holiday, Bessie Smith, Patsy Cline, Edith Piaf, Leonard Cohen, Bob Dylan, Hank Williams eta Tom Waitsen hainbat kanta eder abesten ditu Madeleine Peyrouxek, eta, bertsio bat egin ez ezik, baita bere bihurtzen ere.
Sharon Jones & The Dap-Kings da Agertoki Berderako lehen taldea. Soul, gospel, funk eta rhythm&bluesaren mundua irauki du taldeak, eta Motown eta Stax-en garai urrezkoak dakartzate gogora. Sharon Jonesek gauza asko bildu ditu bere ahots lodi ahaltsuan: Tina Turneren indar berezkoa, Mavis Staplesen sentiberatasun fina, James Brownen erritmo geldiezina eta Aretha Franklinen ahots-zabaltasuna. The Dap-Kingseko zortzi kideak, berriz, musika aldetik harrigarriak izateaz gainera, ikuskizuna dira berez eta besterik gabe.
AN EVENING WITH TWO PIANOS
Bestalde, An Evening with Two Pianos (Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed eta Dado Moroni) jazzeko lau piano-jotzaile handiren bilera harrigarri bat da; lau belaunalditakoak dira, eta txandaka joko dute, bi isats-pianotan, bakarka, binaka eta launaka. Programak "Mostly Monk" du izenburua, eta Thelonious Monken errepertorioa izango du ardatz.
Kenny Barronek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen 2000. urtean. Askoren ustez, jardunean den jazz-pianistarik onena da; errepertorioa hautatzerakoan erakusten duen gustu harrigarria eta jotzean ageri duen dotorezia ditu ezaugarri. Be-bop pianoaren tradizioa gorde dutenen artean, nagusia da bera.
Mulgrew Miller hard bop-aren tradizioan errotutako piano modernoaren interprete behinenetako bat da. 20 urte zituelarik, pianista-plaza bete zuen Duke Ellingtonen orkestran, Mercer Ellington zuzendari zela. Ondoren, bi artista handiren laguntzaile izan zen: Art Blakey bateria eta Betty Carter kantaria. Berak sortu zuen, beste lau lagunekin batera, Tony Williansen boskotea, hau da, jazz garaikideko talderik karismatikoenetako bat, eta 90eko hamarraldian hasi zen bere hirukote eta boskoteen lider gisa.
Eric Reedek 18 urte besterik ez zuen Wynton Marsalisekin lehen bira egin zuenean; harekin jarraitu zuen gero ere lanean, beste zenbait musikari ospetsurekin lankide jarduteaz gainera: Freddie Hubbard, Joe Henderson, Benny Carter, Charlie Haden edo Roy Hargroverekin, besteak beste. Eric Reed-ek Ahmad Jamalen eta gospel musikaren eraginpean eratu du bere piano-estiloa. Erritmo-karga handia darabil bere interpretazioetan, eta, pianoaz duen orkestra-kontzeptuari esker, big band bat dirudi batzuetan.
Dado Moroni lider nabarmenen pianista izan da, besteak beste, James Moody, Ray Brown, Alvin Queen eta Ron Carterena; gainera, The Mingus Dynasty eta Paris Reunion Bandekin egin ditu zenbait bira. Shapes hirukotean ere parte hartu du, bai eta New York Reunionen ere.
Horrela, Heineken Jazzaaldiak iragarriak ditu dagoeneko emanaldi hauek: Antony & The Johnsons, Et Incarnatus orkestrarekin; Bobby McFerrin, Yellowjacketsekin; Jamaican Legends (Monty Alexander, Sly & Robbie eta Ernest Ranglin); Orquesta de Hombres Orquesta. Oraindik osatu gabe dago programa.