DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)
Mercadona supermerkatu fisikoen eta sareko salmentaren konpainiak 80 lanpostu "egonkor eta kalitatezko" baino gehiago eskainiko ditu Zarautzen (Gipuzkoa) 2025ean zabalduko duen saltokian. Enpresak gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen 2.600 lagunetik gorako lantaldeari gehituko zaizkio langile berriak.
Konpainiak jakinarazi duenez, Zarauzko supermerkatuko lantaldea osatzeko, hilean 1.553 euro gordineko hasierako ordainsaria duten lanpostuak eskainiko ditu, 2.102 eurora arteko soldata progresioarekin.
Mercadonak saoltokiko lanpostu guztiak bete nahi ditu okindegi, arrandegi, jateko prest, lurrindegi, fruta denda eta urdaitegi ataletarako, bai eta banatzeko, garbitzeko eta birjartzeko jardueretarako ere. Astean 40 orduko kontratu mugagabea duen lanaldi osoa eskainiko du, astelehenetik larunbatera, bi atseden egun bermatuz goizeko eta arratsaldeko txandetan.
Lan eskaintzak Mercadonaren enplegu atarian daude eskuragarri, eta bertan zehazten da ez dela aurretiko esperientziarik behar, pertsona guztiek jasotzen baitute lanpostu bakoitzari egokitutako prestakuntza espezifikoa (https://mercadona.avature.net/es_ES/Careers/SearchJobs/?3_62...;tags=241120+rree+zarautz).
Era berean, supermerkatu kateak azaldu duenez, langile berriak "elkarrekin lan egiten duten pertsonen talde batean sartuko dira, bezeroari zerbitzua emateko bokazioarekin eta etengabe hobetzeko gaitasunarekin".
Mercadonak hamar urte bete berri ditu EAEn eta 2.600 lanpostu "egonkor eta kalitatezko" baino gehiago sortu ditu. Bere lantaldea osatzen duten pertsonak "konpainiaren arrakastaren erantzule nagusiak direla jakinda", etengabe egiten du inbertsioa haien prestakuntzan, eta, horri esker, "Euskadiko langile asko erantzukizun handiagoko lanpostuetara iritsi dira".