BILBO, 11 (EUROPA PRESS)
Mercadona supermerkatu fisikoen eta sareko salmentaren enpresak bi saltoki berri irekiko ditu 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), biak Gipuzkoan, bat Zarautzen eta bestea Donostiako Bidebieta auzoan, hain zuzen ere, 2024ko balantzea 1.384 milioi euroko irabazi garbiekin bukatu ondoren.
Juan Roig Mercadonako presidenteak eman du konpainiaren 2024ko balantzearen berri, Fuentes del Jarroko (Valentzia) industrialdean dagoen enpresaren 'Jarrods' zentroan astearte honetan egindako prentsa agerraldian.
Jakinarazi duenez, konpainiak %9 handitu ditu 2024an bere salmenta bateratuak, 38.835 milioi eurokoak izan arte; guztizko horretatik, 37.057 milioi Espainiako negozioari dagozkio, eta 1.778 milioi Portugalgoari.
Irabazi garbiak 1.384 milioi eurokoak izan dira, aurreko urtean baino %37 gehiago, eta horietatik 180 milioi euro diruzaintzan egindako kudeaketaren emaitza dira. Irabazi oso horretako 1.109 milioi euro konpainian inbertituko dira berriro (%80), eta gainerako 275 milioi euroak dibidenduetan (%20).
Enpleguari dagokionez, Mercadonak 6.000 lanpostu "egonkor eta kalitatezko" berri sortu ditu 2024an, 4.300 Espainian eta 1.700 Portugalen, eta 103.000 eta 7.000 langilera iritsi da, hurrenez hurren.
Orobat, 2025erako aurreikuspenen arabera, Mercadonak 1.000 milioi euro baino gehiago inbertitu eta 1.000 lanpostu baino gehiago sortuko ditu. Era berean, salmentak %3,5 handituko dira, 40.100 milioi eurora iritsi arte, eta azken ekitaldiko antzeko irabaziak lortuko dira.
EAEri dagokionez, Mercadonak 2.600 langile baino gehiago eta 31 denda ditu gaur egun; 6 Araban daude, 17 Bizkaian eta 8 Gipuzkoan. 2023ko amaieran, azalerako merkatu kuota %7,9koa zen, eta 2025era begira, bi establezimendu berri irekiko ditu Gipuzkoan, bata Zarautzen eta bestea Donostiako Bidebietan.