BILBO 14 (EUROPA PRESS)
Merkataritza sektorearen salmentek %0,7 egin dute gora Euskal Autronomia Erkidegoan (EAE) 2024ko hirugarren hiruhilekoan iazkoarekin alderatuta, prezio konstanteetan eta egutegiaren ondorioak aterata. Aurreko hiruhilekoaren aldean, berriz, eta dagozkion urtaro eraginak kenduta, salmenten hazkundea %0,1ekoa izan da, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Merkataritza sektorearen baitan sartzen dira handizkako merkataritza, txikizkako merkataritza eta motordun ibilgailuen salmenta eta konponketa, eta prezio finkoetako salmenten urte arteko bilakaera positiboa izan da motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan eta txikizkako merkataritzan, %3,5eko eta %4,2ko igoerekin, hurrenez hurren; handizkako merkataritzan, aldiz, salmentak %1,9 murriztu dira.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta dagozkion urtaro eraginak kenduta, txikizkako merkataritzaren salmentak %1,7 igo dira, eta motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan eta handizkako merkataritzan, aldiz, salmentak %1,9 eta %0,9 jaitsi dira, hurrenez hurren.
Lurralde historikoei dagokienez, emaitza positiboak izan dituzte hirurek prezio finkoetan aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean: Gipuzkoan, merkataritzaren salmentek %1,2 egin dute gora, Araban %0,8 eta Bizkaian %0,4. Aurreko hiruhilekoaren aldean, berriz, salmentak %1,0 igo dira Araban eta %0,4 Gipuzkoan, eta %0,3 jaitsi Bizkaian.
Azkenik, EAEko merkataritza sektorearen landunen indizea %2,1 igo da 2024. urteko hirugarren hiurhilekoan iazkoaren aldean, eta %0,5 aurreko hiruhilekoarekin alderatzen bada.