Milioi bat erabiltzailek baino gehiagok baliatu dituzte Elhuyarren tresnak 2019an

Elhuyar Hiztegiaren ataria.
ELHUYAR
Actualizado: jueves, 9 enero 2020 11:22

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Elhuyarrek gizartearen esku jartzen dituen baliabide eta tresnek "gero eta arrakasta handiagoa" dutela nabarmendu dute bere arduradunek, eta "are gehiago" zabaldu direla 2019an. Bada, Elhuyarrek jakinarazi duenez, milioi bat erabiltzailek baino gehiagok baliatu zituzten bere tresnak joan den urtean.

Hain zuzen, hizkuntza baliabideen artean, hiztegien webgunean (hiztegiak.elhuyar.eus) 956.137 lagun sartu ziren joan den urtean zalantzak argitzeko, 2018an baino %8 gehiago, eta ia 57 milioi kontsulta egin zituzten (%22 gehiago).

Itzultzaile automatikoari dagokionez (itzultzailea.eus), ia bost milioi hitz itzuli zituzten erabiltzaileek 2019ko azken hilabetean, eta bereziki nabarmentzekoa izan zen abenduaren 3ko datua, 259.748 hitz itzuli baitzituen sistema automatikoak egun horretan. itzultzailea.eus webguneak 54.269 bisita izan zituen hilabete bakarrean, eta 3.426 gailu mugikorretan instalatu zuten aplikazioa.

Kultura zientifikoa sustatzeko Elhuyarrek gizartearen eskura jartzen dituen baliabideen artean, 'Teknopolis' saioa da arrakastatsuena, 2019an 600.000 ikusle izan baitzituen, gutxi gorabehera. Bestalde, zientziazale eta ikasle askok jo zuten zientzia.eus webgunera ere, eta 'Elhuyar' aldizkariak eta 'Norteko Ferrokarrilla' irratsaioak ere erabiltzaile kopuruak areagotzea lortu zuten.

Azkenik, hezkuntza arloan Zientzia Azoka izan zen arrakastatsuena: Euskal Herriko 31 ikastetxetako 90 proiektu aurkeztu zituzten 308 gaztek (neskak 188, eta mutilak 120). Bestalde, Bizilabe proiektua beste 11 herritara hedatu zen 2019an.