BILBO, 17 (EUROPA PRESS)
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko kanpaina martxan dago Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, 'Eta euskaraz egiten badugu?' lelopean, eta zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte hartzaileek ikasturte osoan zehar. Egitasmoak 8.000 lagun inguru mugitzen ditu aurrez aurre zein sarean.
Euskaltzaleen Topaguneko iturriek jakinarazi dutenez, 30 urte baino gehiago dituen egitasmoak "indartsu jarraitzen du" eta bere funtzionamendua betikoa izango da: euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartuko da eta hainbat gaien inguruan mintzatuko dira partekatzen duten denbora tarte horretan. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da.
Edonola ere, egitasmoak gaur egunean ere aukera erakargarria izaten jarraitzeko, "eraldatzeko, moldatzeko eta eboluzionatzeko gaitasuna behar du izan". "Pandemia garaietan sarera egin zuen salto Mintzapraktikak, eta horrek mugak hautsi zituen munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzaleei ere euskara praktikatzeko aukera zabalduz. Poliki-poliki, egitasmoak beste behar batzuk asetu eta eremu berriak konkistatu ditu, geroz eta hartzaile anitzagoengana iritsi asmoz", azaldu dute.
Horrela, bada Mintzapraktika kafetegi batean kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina badago baita yoga, kakorratz, mendi, boxeo, bizikleta, mahai jolas, antzerkia elkarrekin ikusteko, abesteko edota ortua lantzeko taldeetan egiten duenik ere.
"Euskararen erabileran jauzi bat egin behar dugun momentu honetan, oso azpimarragarria da Mintzapraktikak alor honetan egiten duen ekarpena. Hiztegia bereganatzen, segurtasuna irabazten eta beldurrak uxatzen laguntzen die pertsona askori, poliki-poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz. Euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz", adierazi dute.
Bada, Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko interesa duen pertsona orok bere herriko euskara elkarte edo euskaltegira jo dezake, dauden taldeak ezagutu edo talde berriak proposatzeko. www.mintzalaguna.eus orrialdean ere badago izena emateko aukera.