Miren Agur Meabe euskaltzain oso berriak sarrera hitzaldia egingo du larunbatean Lekeition

Miren Agur Meabe
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 19 abril 2023 15:38

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra 2022an, eta orain, Akademiaren barne arauek agintzen dutenari jarraituz, sarrera hitzaldia egitea dagokio. Larunbatean izango da, apirilaren 22an, eta Lekeitioko basilikan egingo da ekitaldia.

Gainera, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, osoko bilkura egingo du larunbatean bertan, 10:00etan, Lekeitioko udaletxean, eta 12:00etan hasiko da ekitaldi instituzionala.

Hasteko, Miren Agur Meabek lore eskaintza egingo dio R.M. Azkueri, lehen euskaltzainburua basilikan bertan hilobiratuta baitago. Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak ongietorria egingo diete bertaratutakoei.

Protokoloak agintzen dituen bestelako hitz eta aurrekarien ostean, 'Itsaso bete mezu' sarrera hitzaldia irakurriko du idazle lekeitiarrak. Honela, itsasoak bere ibilbide poetikoan izan dituen agerpideez mintzatuko da, poema zatiak oinarritzat hartuta. Castillo Suárez euskaltzain osoak emango dio erantzuna, 'Galtzearen arteaz' testuarekin.

Bukatzeko, euskaltzain oso berriak karguaren zina egin beharko du, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela esanez. Gero, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu Meabek euskaltzainburuaren eskutik, eta, azkenik, andreen aurreskuak zarratuko du ekitaldia.