Lau euskal zentro teknologikoren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta itzulpen enpresa baten arteko elkarlanaren emaitza
DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)
Modela adimen artifizialarekin garatutako gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa eskuragarri dago jada erabili nahi duen edonorentzat, www.modela.eus web orrian. Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa deritzon adimen artifizialeko teknika berritzailean oinarrituta garatu dute itzultzailea.
Lau euskal zentro teknologikoren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta itzulpen enpresa baten arteko elkarlanaren emaitza da, euskara zabaltzeko aukera emango du eta Euskal Herriko enpresen eleaniztasunean eragingo du. Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak Elkartek ikerketa programaren bidez bideratutako laguntzari esker gauzatu da.
"Orain arte hizkuntza nagusien arteko itzulpen sistemetan erabili den teknika aurreratu hori euskarazko testuekin ere aplikatzeko modua aurkitu dugu", adierazi dute Donostian egindako aurkezpenean Itziar Cortesek eta Igor Ellakuriak, Elhuyarreko eta MondragonLinguako Itzulpengintzarako Teknologien eta Modelaren arduradunek, hurrenez hurren.
Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean azaldu dute itzulpengintza automatikoan "aurrerapen garrantzitsuak" egiten ari direla munduan, baina erronka teknologiko handia dela oraindik ere. Bide horretan, "euskarak lortu du mundu eleaniztunean tokia egitea", eta "jauzi kualitatibo handia" ekarri du Modelak.
Izan ere, orain arteko itzulpen automatikoko sistemetan, emaitzen kalitatea mugatzen zuten euskararen morfologia aberatsak eta bestelako ezaugarriek. Sare neuronaletan oinarritutako sistemetan, aldiz, muga hori gainditu da, eta euskararen hizkuntza teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira.
Horrela, sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatikoek "izugarrizko jariakortasuna" eskaintzen dute, aurrez ezagutzen ziren sistemekin alderatuz. "Euskararen kasuan, inoiz ikusi ez diren kalitateko itzulpenak eskaintzen ditu Modelak. Lehen aldiz, euskarazko itzultzaile automatiko baten erabilera praktikorako ateak ireki zaizkigu", gaineratu dute.
ENPRESETAN
Bestalde, Langune hizkuntzen industriaren Euskal Herriko enpresen elkartearen merkatu ikerketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) itzulpen merkatua, publikoak eta pribatuak barne hartzen dituena, 40 milioi euro ingurukoa izan zen 2017an, eta, guztira, 500 milioi hitz itzuli ziren. Beraz, Modelak "eragin handia" izango du teknologiaren eta profesionalen garapenean, besteak beste, itzultzaileen produktibitatea handitzeko aukera eman dezakeelako. Hala ere, argitu dute ez datorrela itzultzaile profesionalak ordezkatzera, euskarazko eduki gehiago sortzen laguntzera baizik.
"Euskaraz bizi nahi duten pertsona eta erakundeetan ere eragin handia izango du. Itzulpenen kalitateari esker, eguneroko komunikazioa euskara hutsean bideratu ahal izango da", adierazi dute Elhuyarreko eta MondragonLinguako arduradunek.
Alegia, Modelak lagunduko du erakundeetan euskararen idatzizko erabilera handitzen eta euskara normalizatzen, eta enpresek kalitatezko tresna bat izango dute euskaraz komunikatzeko gai ez direnentzat. Modu honetan, erakunde barneko komunikazioa bermatuko da, bakoitzari bere hizkuntzan komunikatzeko aukera ematearekin batera.
Aipatutakoaz gain, euskarazko kalitate handiko itzultzaile automatiko berria lagungarri izango da hizkuntza teknologien garapenerako eta aplikazio berriak sortzeko, hala nola laguntzaile birtualak edota testuen analisia. Aplikazio horiek eragin handia izango dute osasuna, administrazio publikoa, fabrikazio aurreratua eta ikus-entzunezkoak moduko sektoreetan, besteak beste.
ELKARLANA
Modela itzultzailea Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko zenbait agenteren arteko elkarlanari esker garatu da, eta Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak Elkartek ikerketa programaren bidez bideratutako laguntzari esker gauzatu da.
Hizkuntza teknologien ikerketa eta garapenean jarduten diren euskal erakunderik esanguratsuenak bildu ditu proiektuak. Gainera, partzuergoak ikerketatik merkaturatzeraino doan kate guztia bete du, eragile mota desberdinen partaidetzarekin.
Alde batetik, Vicomtech ikerketa zentroak, Elhuyar Fundazioak eta EHUko Ixa Taldeak beren gain hartu dituzte proiektuaren garapen tekniko nagusiak, eta Ametzagaiña erakundea proiektuaren kudeaketa orokorraz arduratu da. Bestalde, ISEA kooperatiba arduratu da MondragonLingua eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoarekin elkarlanean proiektuaren emaitzak baliozkotzeaz eta merkaturatzeaz.
Halaber, Elhuyarrek, MondragonLinguak eta EiTBk ekarpenak egin dituzte itzultzaile automatikorako sistemak garatzeko ezinbestekoak diren datuak eta hizkuntza edukiak biltzeko garaian. Azkenik, Elhuyarrek eta MondragonLinguak bat egin dute itzultzaile automatikoaren irismena handitzeko eta merkaturatzea bizkortzeko.