Natur Zientzien V. Topaketak Euskal Herriko naturaguneen ezagutza zientifikoa argitara emango du Iruñean

Natur Zientzien V. Topaketak aurkeztu dituzte.
UEU
Actualizado: martes, 31 octubre 2023 12:46

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

UEUren Natur Zientziak sailak eta EuskalNatura Elkarteak Natur Zientzien V. Topaketa antolatu dute azaroaren 18 eta 19an Iruñean, 'Ezagutzaz josi' lelopean, Euskal Herriko naturaguneen ezagutza zientifikoa argitara emateko helburuarekin.

Jardunaldia Euskal Herrian naturaren inguruan lanean dabilen profesionalen eta naturazaleen topagunea izateko jaio zen duela bederatzi urte eta jakintza elkarbanatzea eta elkarlana sustatzea du xede. Matrikula zabalik dago www.ueu.eus webgunean.

Topaketaren aurkezpena astearte honetan egin dute Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak eta Ana Garcia del Bao eta Mikel Etxeberria topaketaren koordintzaileek.

Bada, azaldu dutenez, topaketaren bosgarren ekitaldian Euskal Herriko naturaguneak izan dira ardatz, "garrantzia berezia eman nahi genielako naturaguneei eurei, baita bertan egiten diren lanei ere, askotan, ez baita ezagutzen euren aberastasuna eta balioa".

Horregatik, hizlariek naturagune horiek oinarri hartuta landuko dituzte euren gaiak, tokiko ikerketa eta jakintzetatik. "Hala ere, tokian tokiko arazo, erronka eta arrakastez arituta ere, ikusiko da asteburu osoan zehar mundu mailako arazoei buruz arituko garela hizketan", gaineratu dute.

Horretan arituko dira 16 aditu, hamaika erakundetakoak, hala nola, EHU, BC3, Neiker, GFA, Azti edota PIE-EHU, "euren ezagutza partekatu eta eztabaida interesgarriak sortzen". "Azken finean gure bi helburu nagusi lortzen lagunduko digute: ezagutza zabaltzean eta partaideen saretzean. Eta aurtengo leloan esentzia hori jaso nahi izan dugu, ezagutzaz josi izango baita", adierazi dute.

Topaketa lau modulutan atondu da: 'Naturguneen arteko arrakalak eta zubiak', 'Urak bizigarri', 'Espezieen bersartzeak: biodibertsitatea eraikitzen' era 'Babesguneak urperatu'. Moduluez harago, mahai-inguru bat ere izango da, azaroaren 18an, kontserbazioak XXI. mendean dituen arazo eta erronkak jorratzeko.

Azkenik, poster saio bat ere izango da, eta bertan nahi duenak bere posterra eraman ahal izango du bere lanaren berri emateko eta moduluetan landu gabe utzitako gaiei toki bat egiteko.