Nazioarteko adituak izango dira aurten ere Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean

Nazioarteko aditu bat aurreko finalean.
XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA
Actualizado: miércoles, 30 noviembre 2022 18:34

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Nazioarteko adituak izango dira abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, "urteetan eraiki ditugun harremanen ondorioz", Bertsozale Elkartetik jakitera eman dutenez.

Munduan badira bertsolaritzaren kasuan bezala hitzaren jolasa maite duten hainbat kantu inprobisatu, eta horiek ordezkatzen dituzten zenbait elkartetako kideak izango dira txapelketa azken saioan: Kataluniako Cor de Carxofa, Glosadors de Mallorca, Galiziako Oral regueifa elkartea, Madeirako Xarabanda eta Sardiniako cantadorien lana sustatzen duen Cordinamentu Artes Musicales et Poèticas de Tradizioni Orali de Sardigna elkarteetako kideak.

Horietako zenbait ezagunak dira jada Euskal Herrian; esate baterako, 2016ko 'Europa bat-batean' egitasmoan kantuan aritu zen Maribel Servera glosadorea edota urteetan bertsolarien eta Sardiniako cantadorien zubi lanak egiteko garaian rol garrantzitsua izan duen eta aurreko zenbait finaletan ere egon den Paulu Zedda.

Halaber, Galiziako regueifaren eta bertsolaritzaren artean sortutako harremana nabarmentzekoa da, Bizkaiko Bertsozale Elkartetik bultzatzen den eta bi lurraldeetako ikastetxeetan garatzen den Regueibertso programari esker, eta Séchu Sende izango da Galiziako gonbidatuetako bat.

Ikertzaileen artean ere ikusmina sortzen du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalak. Horrela, han izango dira Korsikako kantu inprobisatua aztergai duen Giovanni Ragni, Brasilgo inprobisatzailea eta doktoregaia den Edmilson Ferreira, puntu kubatarrean aditua den Amaya Carricaburu edota bertsolaritzarekiko interes berezia duten Oviedoko Unibertsitateko Jesús Fernández antropologoa eta Columbiako Unibertsitatetik datorren Rafael Yuste neurologoa, besteak beste.

Gainera, haiekin izango dira Nevadako Unibertsitateko Renoko Euskal Ikerguneko ordezkariak eta bertako unibertsitateko ikertzaileak, bertsolaritzarekin eta Bertsozale Elkartearekin harremana dutenak: Jon Sarasua bertsolari eta ikertzailea, Alfredo Asiain Nafarroako Unibertsitateko ikertzailea edota UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendaria den eta bertsolaritza generotik ikertu izan duen Jone Miren Hernández.

Leer más acerca de: