Nekatur elkarteko landa ostatuek %78ko okupazioa aurreikusi dute Aste Santurako

Archivo - Arabako Lezama herriko Iruaritz landa etxea
NEKATUR - Archivo
Actualizado: viernes, 11 abril 2025 11:36

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Nekatur Euskadiko landa ostatuen elkarteko kide diren estabezimenduek %78ko okupazioa aurreikusi dute Aste Santuko ostegun, ostiral eta larunbaterako, apirilaren 17, 18 eta 19rako, azken orduko erreserbak kontuan izan gabe. Okupazio maila %71ekoa da igande gaua ere kontuan hartuz gero (apirilak 20), Nekaturreko iturriek jakinarazi dutenez.

Lurraldeka, Araban espero dira gaualdi gehien, %80ko okupazioarekin, iazko Aste Santuan baino ia %5 gehiago. Eskualdeei begiratuta, Gasteizen eta Arabako Bailaretan okupazioa %95etik gorakoa da, eta Arabako Lautadan eta Mendialdean %80etik gorakoa.

Bizkaiko landa ostatuek %67ko okupazioa dute. Lea-Artibai eta Durangaldea dira okupazio gehien aurreikusten duten eskualdeak, %70tik gorakoarekin, eta ondoren datoz Urdaibai (%69) eta Enkarterriak (%68).

Gipuzkoari dagokionez, okupazioa %70ekoa izango dela aurreikusi da, aurreko urtean baino %7 gutxiago. Tolosaldea (%85), Debabarrena (%82) eta Oarsoaldea (%82) dira okupazio maila gainerakoak baino handiagoa duten eskualdeak.

Okupaziorik handieneko gaua ostiralekoa da (apirilak 18), %81 ingurukoa baita Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE); Araban %88,51koa da, Bizkaian %75,49koa eta Gipuzkoan %81,03koa.

Pazko Asteari dagokionez, eta azken orduko erreserben zain, okupazio maila %28koa da erkidego osoan, Nekaturren datuen arabera. Nabarmentzekoa da egun horietarako Arabako Lautadan dagoen okupazioa %77koa dela.

ERRESERBEN JATORRIA

Bestalde, EAEko barne merkatuaz gain, Kataluniako eta Madrilgo eta Valentziako erkidegoetakoak dira Nekaturreko landa ostatuetan erreserba gehien egiten dituztenak.

Beste herrialde batzuei erreparatuz, Frantzia da urtez urte lehen postuetan dagoena merkatu igorleen barruan, nahiz eta Aste Santuan presentzia handirik ez izan.

Orobat, Euskadi bisitatzen dutenen tipologia kontuan hartuta, erreserba gehienak bikotekideenak eta 3-5 pertsonako familia-taldeenak dira, eta ondoren 6-14 pertsonako taldeenak.

NEKATUR

Nekatur EAEko landa ostatuen elkarte bakarra da, eta mota honetako ostatuen %65 baino gehiago barne hartzen ditu. Landa inguruneko turismoaren jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren aldeko apustu garbia egiten du.

Horrela, elkarteak 'Jardunbide Egoki Jasangarrien Gida' ezartzen jarraituko du aurten bere kide diren ostatuetan, eta banakako hobekuntza ekintzen planak babestuko ditu.

Irisgarritasunari dagokionez, Irisgarritasun Unibertsalerako ekintzak egingo ditu, elkartekideentzako prestakuntza eta tailerren bidez.

Contador