Nestor Basterretxeak Bermeon dituen obrak erakusteko bisita gidatuak izango dira urrian eta azaroan

Nestor Basterretxearen obretako bat Bermeon
BERMEOKO UDALA
Publicado: jueves, 3 octubre 2024 9:37

BILBO, 3 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bermeoko Udaleko (Bizkaia) Turismo Bulegoak bisita gidatuak antolatu ditu urrirako eta azarorako Nestor Basterretxeak bertan dituen artelanak erakusteko, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Bisitak euskaraz izango dira urriaren 3, 17 eta 28an (16:00etan) eta azaroaren 5 eta 19an (11:00etan), eta gaztelaniaz urriaren 10 eta 21ean (16:00etan) eta azaroaren 12 eta 26an (11:00etan).

Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, Nestor Basterretxearen jaioterria da bere obra publiko gehien dituen udalerria, eta herriko "kale eta plaza ugari artista bermeotarraren aire libreko galeria bihurtu dira". "Sinbolismoz beteta eta euskal nortasunarekin sakonki lotuta dauden bere eskulturak, Bermeoko hiri paisaiaren zati bereizezinak dira", nabarmendu du.

Bada, bisita gidatuen bidez, eskulturak ez ezik, Basterretxeak bere lurrarekin izan zuen harreman estua ezagutu ahal izango dute parte hartzaileek, baita bere arteak nola islatu dituen Euskal Herriko balioak, historia eta kultura ere.

Ibilbidean, artista bermeotarrak bere jaioterrian egin zituen lan adierazgarrienak bisitatuko dira, hala nola Lamera parkean dagoen 'Euskal Kosmogonia' edo "euskal paisaiaren interpretazioa eta borrokarako espiritua islatzen duten eskultura pieza ikusgarriak".

Bisita bakoitzean lanen azalpen zehatza emango da, bakoitzaren testuinguru historikoa eta esanahia azalduz. Bisita gidatuek, gainera, Basterretxearen estilo berezia eta bere kultur ondarea hobeto ezagutzeko balioko dute.

"Nestor Basterretxeari egindako omenaldi honek, bere obran murgiltzeko aukera emateaz gain, Bermeo beste modu batera ezagutzeko aukera emango du. Bisita gidatu hauek esperientzia ahaztezina izango dira, bai artearen zaleentzat, bai eta udalerriko historia kulturalean sakondu gura dutenentzat ere", nabarmendu du Bermeoko Udalak.

Bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Bermeoko Turismo Bulegoan bertan edo 94 617 91 54 telefono zenbakira deituta.

Contador